Astekaria

Iheslarien esperientziak gertutik ezagutuz

Guaixe 2021ko eka. 21a, 12:40

'Kaxa hutsak' proiektuaren irudietako bat. UTZITAKOA

'Kaxa hutsak' euskal iheslarien bizipenak erakusten dituen proiektua aurkeztu zuten Olatzagutian

Duela hamar urte inguru hasi zuten Gari Garaialdek, Josu Truebak eta Iker Oiz Elgorriagak Kaxa hutsak proiektuaren bidea. Helburua euskal iheslarien esperientziak "gertutik ezagutu" eta "silueta beltz horren atzean" dauden istorioak eta bizipenak mahai gaineratzea da, Oizek azaldu bezala. Aurreo ostegunean Olaztin proiektua aurkeztu zuten, eta Oroimina Loretan. 30 urte deserrian Josu Lariz Iriondoren inguruko dokumentalaren aurkezpena egin zuen Oizek.

"Euskal gatazkak aurpegi asko ditu", eta iheslarien "aurpegi beltz hauek" bere izaeragatik ez direla oso ezagunak aipatu du Oizek. "Leihotxo hori ireki nahi izan dugu, barrura begiratu eta hor nola bizitzen den eta bizi diren pertsona hauek ezagutu nahi izan ditugu". Proiektua herritaratzeko "gogo handia" dute: "jendeak ezagutu dezan gerturatu garen pertsona hauen errealitatea, bizipenak, sentimenduak, nolakoak diren eta jendeak horri buruz hitz egin dezan". Gaiari heltzeko eta gizarteratzeko momentua badela aipatu du Oizek.

Proiektuarekin hasi zirenean "seguruenik" ez zuten pentsatzen hainbeste denbora igaroko zela, "herritik ihes egin duen jendeak bezala noiz arte izango den ez dakiten moduan". Ez da erraza izan, "horregatik ere luzatu da hainbeste". Ihesean joan den jendearen bizitzak erretratatu dituzte; Estatuko errepresiotik ihesi joan den jendea, eta beste toki horretan bere bizitza berreraiki behar izan dute. "Beren mundua irekitzea eskertzen dugu pila bat".

Webdok
Kaxa hutsak webdok formatuko proiektu bat da. Dokumental bat da, "baina ez da ohituta gauden film dokumental normala". Webgune bat da eta bertan pertsona desberdinen bizitzak "webserie" modura agertzen dira, denboraldiak kaleratzen joango direnak. Orain, Oroimina Loretan dago ikusgai eta webgunean sartzen den jendeak kapitulu motzen bidez Josu Lariz Iriondorekin erlazionatutako elkarrizketak ikus ditzake, "bakoitzak bere erritmoan". Olaztin atzo proiektatu zuten Oroimina Loretan dokumentala, webgunean ikus daitekeenaren antzekoa da, baina aurkezpenerako ordu bateko dokumentala osatu dute ere.

Momentuz, bost bat dokumentatu dituztela azaldu du Oizek. Gari Ibarluzea Muruaren istorioa izango da webdok-ean publikatuko den hurrengoa. Postprodukzioan dago. Kaxahutsak.com webgunean sartzean bi menu nagusi daude, batean kronologia edo denbora lerro bat ikusten da eta bertan iheslarien bizipenak agertzen dira eta, bestean, mapa bat agertzen da. Mapa horretan joango dira iheslarien dokumentalak "kapituluka" jartzen.

Aurkezpena Olaztin egin zuten herriko iheslari bat dagoelako oraindik ere. Sareren laguntzarekin antolatu zuten emanaldia eta proiektua bere osotasunean aurkeztu zuten eta Oroimina Loretan dokumentalaren bertsio luzearen proiekzioa egin zuten.