Egun osoko greba egitera deitu dituzte La Vasco Navarran

Guaixe 2021ko eka. 28a, 08:40

La Vasco Navarrako langileak aldarrikapenak lantegira eramaten. ARTXIBOA

LABek eta CCOOk deitutako greba da gaurkoa. 11:30ean Altsasun manifestazioa eginen dute.

Enpresa batzordearen gehiengoa duten LABek eta CCOOk deituta, lan uzteak egiten ari dira La Vasco Navarra enpresako langileak. Lan baldintzak hobetu nahi dituzte, besteak beste: Aldi Baterako Lan Enpresen bidez egindako kontratazioak salbuespena izatea, soldataren kontzeptu guztietan igoera, soldata arrakala ezabatzea edota lan kategorien eta lanpostuen ikerketa egitea. Horrekin batera, enpresako lan hitzarmena eskatzen ari dira. Astelehen eta ostegunetan lan txanda bakoitzean bi orduko lanuzteak egiten ari dira: 12:00etatik 14:00etara, 14:00etatik 16:00etara eta 22:00etatik 24:00etara. 

Euren aldarrikapenak zuzendaritzari ozenago helarazteko LABek eta CCOOk langileak astelehenean greba egitera deitu dituzte. 05:30ean informazio piketea eratu eta lantegi inguruan informazioa zabaltzen egonen dira egun guztia. 11:30ean La Vasco Navarrako langileen aldarrikapenak Altsasun ozen entzunen dira, manifestazioa eginen baituta. Foru plazatik abiatuko da mobilizazioa. 13:00etan batzarra eginen dute. 16:30ean La Vasco Navarra enpresatik Olatzagutira arteko martxa eginen dute langileek eta haiek babesten dituztenak. 17:00etan iritsiko dira Olatzagutira. 

LABetik azaldu dutenez, protestan ari diren langileen eta zuzendaritzaren artean ez da harremanik izan aste honetan. Bestalde, enpresa batzordean dauden eta protesta deialdiarekin bat egin ez dute ELA eta UGT sindikatuen jarrera bera dela gaztigatu dute.