Quo Vadis, Olazti?

Erabiltzailearen aurpegia Ana Esther Gil Andueza eta Maite Zabala Duhau (Olaztiko Udaleko LABeko delegatuak) 2021ko eka. 30a, 12:06

Hamaika ikusteko jaioak garela jakin badakigu, baina Olaztiko Udalak berriki egindakoak fikzio ankerrena gainditzen duela argi dago. 

Ez al da EH Bildu justizia sozialaren defendatzailea? Ez al du EH Bilduk bere oinarrien artean elkarrizketa eta negoziazioa? Ez da, akaso EH Bildu gizarte honetako ahulen defendatzailea? Ez al da Administrazioa, kasu honetan Udala, bere herritarren eskubide betetzearen bermea? 

Gauzak horrela, nola gauzatu dezake Olaztiko alkateak, EH Bilduren gerizpean, horrelako bidegabekeria, osasun arazoengatik lan gaitasuna galdu duen langile bat kale gorrian utziz? Benetan uste al du EH Bilduk geratu zaion soldatarekin familia bat aurrera atera daitekeela? Are gehiago, nola sina dezake horrelakorik Olaztiko Udalaren Langileen hitzarmenean eskubide hori aitortuta dagoenean? Nola, 2017ko Hitzarmenaren negoziazioan, 35. artikulua aldatua izan zenean, horrelakoren bat gertatuz gero gaitasuna galdu duen langilearen birkokapena gauzatzeko konpromisoa EHBilduk bere gain hartu zuenean? 
Guzti hau nahikoa ez balitz, frogagarria da udala ez dela serioski saiatu langilea birkokatzen, baiezkoa etengabe esan arren, gero ez baitira ez eta langilearen lan gaitasun hondarrekoa aztertzen hasi ere. 

Denok dakigu une honetan Olaztiko Udalean Eduardok egin ditzakeen lan asko daudela, forma ematea besterik ez da falta. 

Borondate kontua besterik ez da. Hasierako baiezko hori egingarri bihurtu. Langileak berak bere aldetik prestutasun guztia adierazi dio udalari, bai lanen aldetik, bai ordutegiaren aldetik, baita helburua ere: lanaldi osoko soldata lortzea besterik ez. 

Herriaren borondatea balizko “legaltasunaren” gainetik dago. Vizuete jauna, garaiz gaude, konpon ezazu sortutako kaltea, bete hitzarmena eta 2017an hartutako konpromisoa. 

Eduardo birkokatu, bere eskubidea delako.