La Vasco Navarrako langileek proposamena eginen diote zuzendaritzari

Guaixe 2021ko eka. 29a, 13:28
Manifestariek aldarrikapenak Olatzagutitik lantegira eraman zuten atzo.

Atzo egun osorako grebara deitu zituzten LABek eta CCOOk La Vasco Navarrako langileak. Adostasuna lortzeko proposamena eginen diote zuzendaritzari. Iraila bitartean asteazkenero kontzentrazioak eginen dituzte, eta, adostasunik ez badago, irailetik aurrera mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Erantzuna “nahiko ona” izan zen langileen iritziz, enpresak kontrataturiko langile gehienak greba egin zutela adierazi zuten. Ondorioz, “arazoak” egon ziren eguneko ekoizpena egiteko. “Ez zeuden prest. Ez gaude ohituta lantegian halako dinamika bat izatera. Grebarekin jakinarazi dugu ez gaudela dena onartzeko prest”. Gaztigatu zutenez, “prekarietateagatik langile batzuk ezin izan dute grebarik egin”. Astelehenekoa “mahai gaineko kolpeak” izan zela adierazi zuten langileek eta halako asko emateko dituztela nabarmendu zuten. 

Izan ere, aurreko bi asteetako lanuzteen ondoren, irailera arte asteazkenero kontzentrazioak eginen dituzte langileek enpresaren parean, goizeko eta arratsaldeko lan txandetako langileek bat eginen dute bilkura horietan. Enpresa batzordean gehiengoa duten LABek eta CCOOk zuzendaritzari proposamen bat aurkeztuko diote. “Baina ordurako ezer lortzen ez badugu, irailetik aurrera berriro protesta handiekin hasiko gara. Borroka eginen dugu”. 

Langileek eskaeren artean “zuzendaritzak onartzen ez dituenak daude”: enpresako lan hitzarmen “duina”, lan baldintzak hobetzea, langile guztien soldatak berdinak edo antzekoak izatea (soldataren kontzeptu guztietan %2,5 handitzea nahi lukete), Aldi Baterako Lan Enpresen bidezko kontratazioa ohikoa izan beharrean salbuespena izatea (langileen %20-30 dira gaur egun). “Langile gehiago plantillakoak izatea nahi dugu. Ontziratze atalean lanean gauden gehienon soldatak 1.000 euro ingurukoak dira eta ez dugu uste hori merezi dugunik. Lan erritmoa oso gogorra da, gero eta gogorragoa. Lan asko dago (1.770 ordu lan egiten dituzte langileek). Lan erritmo horrekin soldata duina merezi dugu”, zehaztu dute langileek. 

Gaineratu dutenez, “enpresako lan hitzarmena genuen, baina garagarrilean estatu hitzarmenera bueltatu da zuzendaritza. Baina nahi izan dutena ikutu dute bakarrik. Soldatak oraingoz ez dituzte ikutu. Bakarrik genituen baimenak”. Horregatik, ultraktibitatea ere aldarrikatzen dute langileek. Hau da, enpresa hitzarmenaren indarraldia despeditzean, berria indarrean sartu arte aurreko lan hitzarmenean zeuden baldintzek arautzea lan harremanak. Langileek, azkenik, eskerrak eman zizkieten haien aldarrikapenarekin bat egin zuten gazteei eta sakandarrei.