Zuzendaritzak bere proposamena ezarri du

Guaixe 2021ko uzt. 5a, 09:21
Langileak enpresa atarian protestan joan den astelehenean.

La Vasco Navarrako zuzendaritzak lan hitzarmenaren negoziazio aldian egin zuen azken proposamena indarrean ezarriko du alde bakarrez. Joan den  astelehenean jakinarazi zuen, langileak lan hitzarmen "duinaren" alde greba egitera deituak zeudenean.

La Vasco Navarran lan harremanak arautzeko enpresa hitzarmena apirilaren 30ean iraungitu zen. Zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko bileretatik ez ziren adostasunarekin atera. Zuzendaritzak adierazi duenez, "zentzuzko akordioa lortzea ezinezkoa izan da". Eta garagarrilean estatuko hitzarmena ezarri zuen eta baimenen atala aldatu zuen. 

Enpresa batzordean gehiengoa duten LABek (2 delegatu) eta CCOOk (delegatu bat) "onartezintzat" jo zuten enpresaren proposamena, "zeuden hobekuntza eskasak absentismoari eta produktibitateari lotuta zeuden, apenas hobetzen zen 1.000 euroko soldata garbia, soldatak xurgatu zitezkeen eta ultraktibitaterako konpromisorik ez zegoen. eta estatu hitzarmenera aldatzeak lan baldintzak "gehiago prekarizatzea" ekarri zuela esan dute. 

LABek eta CCOOk deituta azken hilabetean lanuzteak egin dituzte langileek, baita egun osoko greba ere astelehenean (ELAk eta UGTk ordezkari bana dute, baina ez dute bat egin). Deitzaileek jakinarazi zutenez, erantzuna “nahiko ona” izan zen, enpresak kontrataturiko langile gehienak greba egin zutela adierazi zuten. Ondorioz, “arazoak” egon ziren eguneko ekoizpena egiteko. Gaztigatu zutenez, “prekarietateagatik langile batzuk ezin izan dute grebarik egin”.

Astelehenean bertan zuzendaritzak jakinarazi zuen maiatzean aurkeztutako bere azken proposamenean jasotako lan baldintzak ezarriko dituela 2021 eta 2023 aldirako. Zuzendaritzak erabaki horrekin "udako oporren aurretik ziurtasuna eman nahi zaie lan harremanei". Gaineratu duenez, "aldi berean, gure azken proposamenari buruz dauden sentsibilitate eta iritziak errespetatzen dira. Gainera, esne industriako hitzarmen kolektiboan jasotako baldintzen hobekuntza eta hura gure plantillaren errealitatera eta beharretara egokitzeko enpresa hitzarmenak negoziatu eta lortzeko duela 16 urte ezarritako kulturari jarraipena emateko helburua du". 

Balorazioa
Zuzendaritzaren erabaki horren berri izan ondoren, LABetik adierazi dutenez, "enpresak atzera egin du eta lan baldintza berriak ezarriko dizkie langile guztiei. Garaipen txiki bat da enpresa mugitu izana, baina baldintza berriek ez dituzte langileen aldarrikapenak asetzen. Ziurrenik zuzendaritzaren helburua izan da langileak desaktibatzea". Ezarritako lan baldintza berriak inorekin adostu ez izana "askatasun sindikalen eta negoziazio kolektiborako eskubidearen kontrakoa da, demokratikoki aukeratuak izan diren enpresa batzordeko kide guztien gainetik pasata hartu da erabakia" LABendako. Sindikatutik azaldu dutenez, zuzendaritzaren "mugimenduak ez du lege bermerik, langileendako ez du ziurtasunik". Horregatik, "lan baldintzak hobetu eta askatasun sindikalak bermatzeko borrokan segitzeko beharra" azpimarratu du. Iraila bitartean asteazkenero ordu erdiko lanuztea deitu dute goiz eta arratsaldeko txandetan. Enpresan gauzak aldatzeko enpresa batzordearen eta langileen batasuna gakoak direla gaztigatu dute LABetik. 

Langileen eskaeren artean daude: enpresako lan hitzarmen “duina”, lan baldintzak hobetzea, langile guztien soldatak berdinak edo antzekoak izatea (soldataren kontzeptu guztietan %2,5 handitzea nahi lukete; ontziratze atalean soldatak 1.000 euro ingurukoak dira), Aldi Baterako Lan Enpresen bidezko kontratazioa ohikoa izan beharrean salbuespena izatea (langileen %20-30 dira gaur egun) eta urteko 1.770 lan orduak eta lan erritmoak murriztea.