Astebeteko greba eginen dute porlandegian

Guaixe 2021ko uzt. 2a, 13:52

Olatzagutiko porlandegia. ARTXIBOA

Hitzarmen kolektiboa berritzea lortzeko Cementos Portlandeko langileek astebeteko greba hasiko dute astelehenean.

Cementos Portland Valderrivasen Olatzagutiko lantegia aste batez gelditzera deitu du bertako enpresa batzordeak (5 ELA, 3 UGT eta 1 CCOO). ELA sindikatutik azaldu dutenez, “lanuztea deitu dugu enpresaren immobilismoaren aurrean”. Jakinarazi dutenez, lan hitzarmena negoziatzen hilabete batzuk eman ondoren heldu da lan uztea. ELAtik gaineratu dutenez, “zuzendaritzak erantzun egokirik ematen ez badu, greba mugagabea eginen da hilaren 19tik aurrera”.

Sindikatutik jakinarazi dutenez, “funtsezko desadostasunak daude txanda-kontratuan eta langile berrien soldata-tauletan. Orain arte, enpresako zuzendaritzak denbora pasatzen utzi du bi aldeendako egokia izanen den akordio baterantz jotzeko proposamenik ez zuten bilerekin”. Cementos Portland Valderrivasen Olatzagutiko porlandegian 103 langile daude lanean gaur egun.