Astekaria

"Egun batzuetan elkartuko gara"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko uzt. 20a, 13:11

EuskarAbenturako lehen txandan parte hartu eta “oso gustura” egon ondoren, etxean da Paula Gaspar Caballero olaztiarra.

Garilaren 2tik 11ra bitartean Urruña eta Lekaroz artean ibili ziren gazteak. Baina izan zen gehiagorako aukera ere.

1. Zerk erakartzen zaitu EuskarAbenturatik?

Mendira joatea asko gustatzen zait. Horregatik eman nuen izena EuskarAbenturan. Eta, gainera, Euskal Herriko beste txokoetako lagun berriak egiteko. 

2. Nola jaso zenuten haren berri?

Aurrekoetan egondako batzuk gure klasera etorri ziren. Hitzaldia eman ziguten eta dena azaldu zuten. Eta apuntatu nintzen.

3. EuskarAbenturara joan nahi dutenek aurretik zerbait egin behar izaten dute, ezta?

Bai, lan bat egin eta motibazio gutun bat idatzi behar ditugu. Lana egiteko hiru gai proposatzen dituzte, eta hura egiteko sei modu. Aukeran zeuden gaien artean “plastikoa naturan” gaia aukeratu nuen. Nik bideo bat egin nuen, niretako errazena zelako. Horretarako, Urbasara igo nintzen irudi batzuk hartzera. Gero informazioa bilatu nuen: zenbat plastiko sortzen dugun gizakiok munduan. Zaborra itsasora eta mendira konturatu gabe botatzen dugula eta milioika zabor tona sortzen ditugula kontatu nuen. Ingurumena zaintzearen eta birziklatzearen garrantziaz kontzientzia hartzea azpimarratu nituen. 

4. Zuk bezala makina bat gaztek aurkeztuko zuten lana eta motibazio gutuna, ezta?

Esan ziguten hirurehun pertsona inguru aurkezten direla. Haietatik ehun eta hogei parte hartzaile aukeratu dituzte EuskaraAbenturako antolatzaileek. Zortea izan nuen eta hautatu ninduten. Baina, ez dizute esaten  zergatik hautatu zaituzten. Bakar-bakarrik mezu bat ailegatzen zaizu jakinarazten dizuna EuskarAbenturarako aukeratua izan zarela. Eta hurrengoa paperak egitea da. 

5. Aukeratua izatearena momentu pozgarria izanen da, ezta?

Ni joan den urtean aurkeztu nintzen. Martxoan ailegatu zen mezua, eta ordurako ahaztuta neukan. Txundituta gelditu nintzen, baina pozik, bai. 

6. Aurten EuskarAbentura desberdina izan da, ezta?

Bai, 60 pertsonako bi txandatan banatu gara. Lapurdin hasi ginen eta Nafarroan bukatu genuen. Lapurdin bost egun egon ginen eta Nafarroan beste horrenbeste. Bestela, hitzaldiak izan ditugu. Esaterako, Kike Amunarriz,  Iparraldeko ikasleen Baxoa proba  euskaraz egiteko aldarrikapenaz, Lorea Ibarra aktorea... 

7. EuskarAbenturaren bereizgarria da ibiltzea. Ibili zarete?

Bai. Etapak egin ditugu, egun guztietan ez, baina gehienetan bai. Agian zazpi edo zortzi etapa. Eta gogorrak. Eguraldiaren araberakoa izan zen gogortasuna. Egun batzuetan bero handia egiten zuen: 30 gradu, eguzkia, itzalik gabe. Baldintza horietan igo ginen Larrun mendira,890 metroko desnibela gaindituz. Orduan gogorra egiten zen. Eta beste batzuetan euri asko. Oinetakoek lokatzez beteta bukatu zuten. 

8. Gazteen artean, zer moduzko giroa sortzen da?

Oso giro ona. Ongi moldatu gara. Etapen ondoren, gauean, gehienetan lokartu egiten ginen; zeren, azkenean, neka-neka eginda iristen ginen. Baina ondokoekin hitz egiten gelditzen ginen edo beste denda batzuetakoekin. Egun gutxi pasa badira ere harremana mantentzen dugu. Agian, egun batzuetan elkartuko gara. 

9. EuskarAbentura aldatu bada pandemiagatik izan da. Nola eraman dituzue neurriak?

Ongi. Musukoarekin. Bi egun lehenago PCRa eginda eta autobusean sartu baino lehen antigeno proba eginda. Bi negatiborekin autobusera sartu, eta Lapurdira. Dena ongi.

10. Aukera bazenu, errepikatuko zenuke?

Dudarik gabe. 

11. Irakurle gazteek zergatik probatu beharko lukete? 

EuskarAbenturan apuntatzea gomendatzen dizuet. Ongi pasa behar duzu. Gainera, lagunekin.