Porlandegian txanda kontratua ezartzea adostu dute

Guaixe 2021ko uzt. 16a, 15:03
Porlandegiko langileak protesta utzi dute.

Langileen batzarrak akordioa berretsi du gaur.

Cementos Portland Valderrivaseko Olatzagutiko porlandegiko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak akordioa lortu zuten herenegun. Aldeek adostutakoaren arabera, txanda-kontraturako aukera izanen dute langile guztiek etorkizunean. Legediak arautzen duen modu berean jasoa gelditu da aukera hori enpresako lan hitzarmenean, anexo gisa. Dagoeneko indarrean da erabakia. Akordioa ELAk eta CCOOk sinatu dute, ez, ordea, UGTk (5, 1 eta 3 ordezkari dituzte hurrenez hurren). Gaur porlandegiko langileen batzarrak negoziazio mahaian lortutako akordioa berretsi du. 

Lan hitzarmena negoziatzerakoan, zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi zion gastua ekar zezakeen neurririk ez zuela onartuko, ez soldata igoerarik ez bestelakorik. Langileen ordezkarien hasierako asmoa beste bat bazen ere, onartu egin zuten. Baina langile guztiendako onuragarria izanen zen eta, printzipioz, enpresarendako kosturik ez duen txanda-kontratua enpresa hitzarmenean jasotzea eskatu zuten. Zuzendaritzak ezetz erantzun zuen, eta, ELAk deituta, joan den astean greba egin zuten langileek. Eta akordiorik ez bazegoen, heldu den astean greba mugagabea hasiko zen porlandegian. 

Lortutakoarekin “pozik” dago Juanje Lizarraga Zelaia, ELAko ordezkaria; “orain plantilla guztiak jubilatzeko plana du”. Langileen bataz besteko adina 56 urtekoa da eta 62 edo 63 urterekin jubilatzeko aukera lukete hainbatek. Gaiari “serio heldu” izanaren garrantzia azpimarratu du Lizarragak, “bestela, ez da ezer lortzen”.