Udalak kiroldegiko argiteria aldatuko du

Guaixe 2021ko uzt. 27a, 12:19

Irristalariak Erburua kiroldegian. ARTXIBOA

Interesa duten enpresek agorrilaren 1ko 23:00ak arte dute eskaintzak aurkezteko aukera
.

Erburua udal kiroldegiaren energia eraginkortasuna hobetzeko, egun dauden argien ordez LED argiak jarriko ditu Olatzagutiko Udalak. Bestetik, argi naturala baliatzeko sentsoreak jarriko dira harmailan, argi-zuloen ondoan. Gainera, kirol pista hainbat intentsitaterekin argiztatzeko aukera ematen duen kontrol sistema jarriko da. Gaur egun 54,2 kW argindar potentzia dago instalatuta kiroldegian, eta 25,1 kWra pasako da. Lanak egin ondoren, Olatzagutiko Udalak %70eko energia aurrezpena egitea espero du. Lanek 39.885,12 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute eta lanak hartzen dituen enpresak 50 egun izanen ditu haiek despeditzeko. Udaletik zehaztu dutenez, lanek irailaren 25erako bukatuta egon behar dute.