Aspaldiko ezaguna da Fernando Urra Lopez olaztiarra. Motorzale amorratua, bere hasieratan motokrosa eta enduroa kartingarekin partekatzen zituen. Euskadiko Karting txapelduna izan zen, eta Nafarroako enduro txapelduna. 2014 urtetik aurrera supermotardean hasi zen buru-belarri, errepide edo abiaduraren eta motokrosaren arteko fusioa den modalitatean, eta master mailako Espainiako txapelduna izan zen hirutan, 2016an, 2017an eta 2019an. Espainiako Txapelketan maila horretan parte hartzeak sakrifizio handia eskatzen zion –lana, entrenamenduak, motorra puntuan jartzea, lasterketak, aurrekontua…– eta 2020an txapelketa uztea erabaki zuen. “Iaz sorbaldan ebakuntza egin behar izan zidaten, eta duela gutxi hasi naiz motokrosean eta enduroan. Eta, jakina, Eukenerekin batera entrenatzen nabil” aipatu du Fernandok, bere iloba Eukene Urra Herrerori begiratzen dion bitartean.
Eukenek 16 urte ditu eta osabaren kuttuna dela agerikoa da. Harreman berezia dute. “Osaba beti bajeran sartuta dago, motorrekin lanean, eta txikitatik berarengana joaten nintzen. 10-11 urte nituela, motorrak gustuko nituela konturatu nintzen, eta aitari motor bat eskatu nion. Ezetz erantzun zidan. Baina osabak tentatzen ninduen, eta behin izebaren motor bat utzi zidan, kroseko motor txiki bat, eta motorrean ibiltzen irakatsi zidan, soro batean. Hasieran aitak ez zuen gustuko, eta amak oraindik gutxiago, baina uda horretan, 12 urte nituela, gurasoek nire lehendabiziko motorra erosi zidaten, motokroseko 85 zilindroko motorra. Nire zaletasunaren aurrean jada ez zegoela ezer egiterik pentsatuko zuten” dio irribarrez Eukenek. “Anaiak ere motorrak gustuko ditu, ibili izan da, baina alaba hasteak beldur pixka bat ematen zion. Azkenean Eukeneri motorra probatzeko aukera ematera animatu ziren” azaldu du Fernandok.
Fernandok Olaztiko soro batean zirkuitu bat prestatua zuen. “Supermotardean Espainiako Txapelketan lehiatzen nintzenean asko entrenatu beharra duzu, eta soroko zirkuituan ibiltzen nintzen. Eukene nirekin etortzen zen, eta bera bere kabuz ibiltzen zen zirkuituan” gaineratu du Fernandok. Eukene pixka bat trebatu zenean, beste zirkuitu batzuetara joaten hasi ziren, entrenatzera. “Niretzako hobbya da. Asteburua iristeko irrikaz nago beti, osaba Fernandorekin motorrean ibiltzera joateko” dio Eukenek. “Eta ni oso pozik. Zer esango dizut” erantzuten du osabak. Katalunian, motorraren sehaskan, egonak daude biak. “Alcarrasen egon ginen behin. Hemen apenas dago zirkuiturik, eta alde horretatik Katalunia paradisua da. Zirkuitu pila dago eta pilotu onenak bertatik ateratzen dira” azaldu du Eukenek.
Eukeneren lehen lasterketa eta garaipena
Eukenek 14 urterekin hartu zuen parte bere lehen lasterketan, duela 2 urte, Castejonen gaztetxoendako antolatutako cross country lasterketa batean. “Emakumezkoen kategoria zegoen, eta horrek gehiago animatu ninduen. Nire lehendabiziko lasterketa izan zen, eta irabazi nuen” aipatu du Eukenek.
Fernandok supermotarda eta motokrosa ditu kuttunenak, eta Eukene motokrosean aritzen da gehienbat, eta enduroan eta cross countryan zertxobait. Lasterketan, gehienetan mutilekin batera aritu izan da Eukene, nahiz eta gero kategoria ezberdinetan puntuatu. “Motorrean ibiltzeko indartsu egon beharra dago. Nik, sarritan, suspentsioetan ez dut motorra hondoratzen ere; nire adineko mutilek bai, ordea. Ezberdintasuna handia da” nabarmendu du. Zorionez, emakumezkoen presentzia gora doa motokrosean. “Faltzesko zirkuituan duela gutxira arte ni nintzen emakume bakarra, baina orain beti dago beste norbait. Hori bai, ni baino helduagoak dira” dio Eukenek.
2019an Nafarroako Motokros Selekziotik deitu zuten Autonomien Arteko Espainiako Motokros Txapelketan aritzeko, La Bañizan (Leon). “Ni motokrosean berria nintzen, baina emakume gutxi geundenez, deitu ninduten. Emakumezkoak eta gizonezkoak guztiak batera aritu ginen. Oilar guztiekin jarri ninduten, estatuko onenekin. Ez dakit nola ausartu nintzen ere: 14 urte nituen eta zirkuitu oso zaila zen, sekulako saltoekin, baina hor aritu nintzen” dio. “Ez da atzera egiten dutenetakoa” eransten du osabak. Halaber, 2019an bi motokros campusetan parte hartu zuen, bata Katalunian eta bestea Miranda de Ebron. “Oinarria teknika da, eta campusetan asko ikasten duzu” nabarmendu du Eukenek.
Erorikoetatik osatzen
Eukenek kirol honen alde txarra ezagutu du ere, aurten bi eroriko izan dituelako. Lehenengoa Murchanten izan zen. “Erorketa tuntun horietako bat izan zen, baina masailezurrean sekulako kolpea hartu nuen eta beheko hortzak apurtu zitzaizkidan, barrutik. Berreraikuntza egin didate, eta orain ongi ditut. Kaskoa ere apurtu zitzaidan eta buruan kolpea ote nuen ikusteko ospitalera eraman ninduten. Eta lesiotik atera berri, Madrilera joan nintzen, emakumezkoen campus batean aritzera, salto nahiko handia egin nuen eta lurrean bukatu nuen. Hankako behatz potoloa apurtu nuen, belaunean mina hartu eta zenbait kolpe hartu nituen. Duela bi hilabete izan zen, eta osatzen nago” azaldu du Eukenek.
Izan ere, motokrosean edozein akats garesti ordaintzen da. “Kirol gogorra da, agresiboa. Saltoak handiak dira, eta edozein akatsengatik edo erorikorengatik ospitalean bukatu dezakezu. Kirol guztietan bezala, asko entrenatzea ezinbestekoa da. Erorikoengatik beldur pixka bat hartu du Eukenek, baina berriro hasi da, eta konfiantza hartuko du” argi du Fernandok. “Motorrarekin konfiantza hartu eta gutxika motorrarekin feelinga hartu beharra dut. Hori da aurtengo helburua” erantzun dio ilobak.
16 urte dituenez, orain 125 zilindroko mailan aritzea dagokio Eukeneri. “Saltoa oso handia da. Maila oso handia duten pilotu helduekin aritzea dagokio; esaterako, nirekin aritzea tokatu ahal zaio. Eta oraindik gaztetxoegia da” dio osabak. “Eta, horregatik, errespetu handia ematen dit kategoria horretan sartzeak. Nahiago dut gehiago entrenatzea. Egokiena Espainiako Emakumezkoen Motokros Txapelketan probatzea litzateke” erantzun dio Eukenek. Iritzi berekoa da osaba.
Altsasuko MX Urbasa Zirkuitua
Gaur egun Valcarce ondoan MX Urbasa klubak prestatutako zirkuituan entrenatzen dute Fernandok eta Eukenek. Klubeko bazkideak dira. “Zirkuitu handia da, ederra. Maila guztietarako zirkuitua egiten saiatu ginen, eta alde horretatik nahiko exigentea da. Aldi berean, zirkuitu txiki bat ere badu, hastapenerako. Bazkideok erabiltzen dugu, eta asteburuetan bazkide ez direnak etor daitezke, baina beti ere federatuta badaude edo aseguru bat badute”. Egun 20 bazkide inguru dira, Sakanakoak.
Eukenek 125eko KTM motorra du, 2020koa, eta Honda motorrarekin dabil Fernando. Berriki Espainiako Motokros Txapelketako Quintana Mariako lasterketan (Burgos) 3. sailkatu zen. “Parte hartzen duen orotan podiuma egiten du” dio, irribarrez, Eukenek. “Motorra nire bizitzeko modua da, pasioa. Nik dudan maila mantentzearekin konforme nago. Eukene da orain goraka doana. Sekulako ilusioa dut iloba atzetik datorrelako” aitortu du Fernandok.