Astekaria

Koskobilo II, iraganerako atea

Koskobilo II lezean arkeologia indusketan aritutako batzuk. Eskuinetik bigarrena da Daniel Ruiz Gonzalez.

Olatzagutian lezea opatu eta arkeologia indusketa egin du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Lehen hipotesiaren arabera, duela 5.000 urte hildakoak lurperatzeko erabiliko zen lezea. Harrobiak suntsitu zuen Koskobilo Ieko hondakindegian ere lanean aritu dira.   

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo taldea Koskobilon egon da azken hiru asteetan. Hamar lagunek osatu dute taldea. Aurten han egin beharreko lanak despeditzear dituzte. Lantalderen buru Dani Ruiz Gonzalez da, elkarteko historiaurreko saileko ikerlaria eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) aurre doktorego kontratua duena. Koskobilorekiko interesaren zergatia azaldu du Ruizek: “Koskobilo, berez, oso aztarnategi ezaguna da euskal historiografian. Baina ez zegoen zientzia ikerketarik egina. Mikel Markotegi prospekziogile etxarriarrak hona bisitan ekarri gintuen 2019an. Eta aukera ikusi genuen hemen ikerketa proiektu bat martxan jartzeko, eta Olatzagutiari eta inguruari nolabaiteko arkeologia bizia emateko”. 

Ruizek gogoratu duenez, Koskobilon arkeologia aztarnak zituen leze bat zegoen. “1940tik ezaguna da. Maximo Ruiz de Gaona ikerlariak lezea suntsitu aurretik arkeologia material ugari jaso zituen, batez ere fauna hezurrak. Gerora, baita suharriak eta duela 20.000 urte suharriz egindako erreminta ugari ere. Harrez geroztik oso ezaguna da Koskobiloko hondakindegia”, zehaztu du Aranzadiko kideak. Izan ere, harrobia handitu ahala lezea suntsitu zuten eta barruan zuen lurra, mendi magalean bota zuten, hondakindegia. Arkeologia material pila dago mendi magalean, baina guztia nahasia dago, testuinguruz kanpo, ez dago bere lur mailan, eta, beraz, arkeologoei informazio gutxi ematen diete aztarna horiek. 

Arkeologia ikerketa egiteko lezea behar zuten, “materialak bere tokian egonen ziren toki bat behar genuen. Eta Markotegik hori erakutsi zigun: suntsitutako lezearen ondoan badago beste bat, goraino sedimentuz estalia. Leze hori Koskobilori balioa emateko behar genuen argi izpia da”. Leze horri Koskobilo II izena eman diote. 

Lezeaz
Aztarnategian lanean egon direnen artean unibertsitateko ikasleak, masterra eginen dutenak eta doktoregoa egina dutenak daude. Guztiak hiru esparrutan ibili dira lanean: lezea, hondakindegia edo Koskobilo I eta ingurua. “Lan garrantzitsua izan da inguruan prospekzioak egitea, jakiteko inguruan zer gauza dauzkagun: beste leze batzuk dauden, beste aztarnategi batzuk detektatu… Hori guztia egiten lana izan dugu”, argitu du Ruizek, gaineratuz, “egunero ateratzen diren material guztiak garbitu, inbentariatu, siglatu eta argazkiak atera… Lan horiek egiteko ere laborategia muntatuta dugu eta horretan ere ari gara. Lan pila. Batzuetan jende gutxiegi ere”. 

Hala ere, berritasuna lezea da, eta bertan egindako zundaketa. Ruizek gogoratu duenez, “Markotegik erakutsi zigunean sarreratxo bat ikusten zen, hiru metro zabal eta 20 cm-ko altuerakoa. Arrastaka pixka bat barrura sartu ginen eta, esku-argiarekin begiratuta, barrurantz 5 edo 7 metro artean eta 8 bat metroko zabalera zituela ikusi genuen. Pentsatu genuen izan zitekeela kristoren leze polita garai batean jendea han bizitzeko, edo momentuan egiten zituzten aktibitateak egiteko”. 

Arkeologoen inurri lanarekin zundaketak behera egin du. “Badirudi emaitzak, printzipioz, onak direla”, esan du Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Ruizek azaldu duenez, “lehen 70 cm-ak azkonarrak ibilitakoak dira, haiek jandako hezurrak. Gainera, Jose Mari Bastarrika olaztiarrak esan zigun azkonarren leze bezala ezagutu zutela beti”. Lehen lur geruza hori kenduta, “hildakoen hezurrak, suharriak eta zeramika zatiak opatzen hasi gara” azaldu du ikerlariak. Zehaztu duenez, “ez dira hondakindegian opatutakoak bezain zaharrak, baina badirudi, duela 5.000 urte nekazari eta abeltzain ziren hemengo biztanleen ehorzketa lezea dela. Badirudi beraien hildakoak leze honetara ekartzen zituztela lur emateko”. Ruizek gaineratu duenez, “hemen lurperatu zituztenek, ziurrenik izanen zituzten larreak, soroak… Landuko zituzten hemen garia-eta”.  

Handik ez oso urrun Ornako despopulatua zegoen, eta inguru horretan pertsonen presentzia aspaldikoa izan da. “Ez hori bakarrik. Urbasan bertan Urbasako suharria dugu. Hori izanen zen bere garaian biztanle hauendako oso garrantzitsua. Suharria zen beraien eguneroko tresnak egiteko baliabide nagusia: lantza puntak eta labanak egiteko, larrua lantzeko, paretetan grabatuak egiteko… Beraz, Olatzagutia, garai hartatik, suharriekin edo mineralekin lotutako gune oso garrantzitsu bat zen. Ziurrena, hasieratik, lehenengo biztanleak, orain dela 50.000 urte baino gehiago, etorriko ziren horren bila eta hori denboran zehar mantenduko zen. Hemen historia oso luze bat daukagu”, azaldu du Ruizek. 

Egiteko asko dutenez, lezeak informazioa ematen segituko duela esan du Aranzadikoak: “bost metro karratutan 1,3 metro jaitsi dugu. Orain Neolito garaian gaude, baina hortik behera gauza are  zaharragoak egonen dira; hala uste dut”. Eta opatzen dituzten guztiak bere testuinguruan egonen dira, beraz, askoz ere informazio gehiago jasoko dute arkeologoek lezean lanean. 

Hondakindegia 
Arkeologoen hirugarren lan eremua hondakindegia izan da, harrobiak suntsitu zuen Koskobilo I lezea. Ruizek azaldu duenez, “harrobiak aurrera egin ahala hondoarekin topo eginen zuten, material batzuk agertuko ziren eta horiek atera eta hondakindegi batera botatzen hasi ziren. Material gehienak lezearen ahotik atera zituzten. Mendi magalean daude orain, kono forma dute. 30 bat metro luze eta erdian egindako zundaketan 1,8 metroko sakonera du”. Han halakoak opatu daitezke: leze zatiak, hezurrak, suharriak… “Lezean zegoen material ugari dago hor, denetarik”, ziurtatu du Aranzadikoak. 

Hura ezaugarritzeko bost zundaketa egin dituzte, jakiteko zer sakonera duen, nondik nora zabaltzen den eta materialen dispertsioan logikarik dagoen. “Hau da, beheko maila batean material zaharrena dagoen, gorago besteak…” esan du Ruizek eta emaitzak izan dituzte: “hainbat material berreskuratu ditugu, tartean, hezur eta fauna hezurrak (500dik gora) eta mila suharri-tresna baino gehiago”. Horiek aztertu egin beharko dituzte. Opatutako hezurrak identifikatzeko paleontologoekin elkarlanean ariko dira. “Balio digute hondakindegiari berriro balioa emateko, eta zientzia ikerketaren bitartez ezagutzera emateko”. 

Lezean opatutako aztarnen garaikideak direnak hondakindegian opatuz gero, azken horiei testuingurua emateko aukera lukete arkeologoek. “Lezeak hain gertu egonda, suposatzekoa da batean pertsonak bazeuden, bestean ere baleudekeela”. 

EHUko Asier Gomez Olivencia eta Mikel Arlegi paleontologoek aztertu dituzte Ruiz de Gaonak eta gerora jasotako arkeologia materialak. Asteartean Olatzagutian izan ziren biak, Aranzadikoekin elkarlanean ari baitira. Beste hainbat ikerlarirekin ere saretze lana eginen dute, “elkarlan horrek aberasten duelako eskuratzen dugun informazioa” ziurtatu Ruizek. 

Aranzadikoek Koskobilo IIko arkeologia indusketako plangintza 2019an egin zuten, 2020an hasteko. “Pandemiarekin kanpaina oso mugatua egin genuen, lehen hurbilketa. Aurtengoa kanpaina potenteagoa izan da”, azaldu du Ruizek. Eta arkeologoen lanak etorkizunean segida izanen duela ziurtatu du Ruizek, “lezeak luzerako jokoa emanen duelako”. Horrekin batera, ikerlariak gogorarazi duenez, “ondare publikoarekin ari gara lanean. Aranzadiren helburua beti izan da ateratzen ditugun gauzak berriro herriari bueltatzea, herriak bere ondarea ezagutu eta babesteko. Horregatik, zertan ari garen kontatzeko hitzaldiak eman ditugu eta bisita gidatuak antolatu ditugu”. Azken horiek atzo egitekoak ziren, baina eguraldiagatik bertan behera gelditu ziren. Hala ere bisitak eta kanpainaren lehen emaitzen berri emateko hitzaldia seguruenik lastailean izango direla aurreratu du. 

Azkenik, Ruizek eskertu du hasieratik alkatetzatik eta udaletik hainbat alorretan jasotako babesa, eta azpimarratu du ikerkuntza eta difusio proiektuarekiko duten konpromisoa. Esker ona azaldu die ere haiengana gerturatu diren eta beti laguntzeko prest izan diren olaztiarrei eta, orokorrean, herrian jasotako harrera ona izan dela esan du. “Arkeologia emaitzak bezain pozgarriak dira guretako proiektuak herrian jaso duen harrera ezin hobea eta herritar ugarirengan piztutako jakin-mina eta izandako inplikazioa. Hamaika pertsonen izenak etortzen zaizkit burura, ezin guztiak hemen aipatu, baina, bai, aprobetxatu nahi dut guztiei eskerrak emateko”.

Erlazionatuak

"Oso arkeologo gutxik esan dezakete giza aztarnak aurkitu dituztela"

Altsasu Olazti

Aranzadi Zientzia Elkarteak Olatzagutiko Koskobilo II lezean egindako arkeologia indusketan hamarkote bat aritu da, tartean Olaia Granizo Candelas ...