Diaboloa eta musika

Guaixe 2021ko ira. 9a, 10:44
'Diabolo Clasic Metal' ikuskizunaren une bat. INFONCUNDIBLES

Infoncundibles konpainiak 'Diábolo Clasic Metal' ikuskizuna eginen du larunbatean, irailak 11, 19:00etan, Olaztiko futbito pistan edo frontoian, eguraldiaren arabera. 

Kontzertua hastear dago eta Infoncundibles anaiek dena prest utzi dute, kalkulatutako nahas-mahasean. Baina hasi aurretik, duda bat dute: Beethoven garaikidea izango balitz, rockeroa edo malabarista izanen litzateke? Anaiek ere ez dakite, baina erantzunaren bila Diábolo Clasic Metal musika, zirko eta umorearen arteko ikuskizun bat eskaintzen dute Infoncundibles-ek. Flamenkoa, klasikoa eta rock estiloak uztartzen dituzte, eta diaboloarekin egindako malabareen teknikak ere hobetzen joaten dira. Irailaren 11n, larunbatean, 19:00etan, Olaztin emanaldia eginen dute. Eguraldi ona eginez gero futbito pistan izanen da, eta euriarekin frontoian. 

Osasun neurri guztiak beteko dira, beraz, ikuskizuna eserita ikusi behar da, eta ezin izanen da altxatu ikuskizuna bukatu arte. Gainera, alkiak ezin izanen dira mugitu, eta bizikideak bakarrik eseri daitezke elkarrekin. Musukoa momentu oro eraman behar da jantzita.