Raul Patxu Lopez Bartolomé Sakana Motorsport klubeko sortzaileetako bat da. Klubeko presidente izan da urte luzez, eta aurten Eneriz Vesgari eman dio erreleboa. Urriaren 2an jokatuko den 39. Urbasako Igoera antolatzen dabil, Sakana Motorsporten 10. urteurrenean.
Aurreko urtean ez zen Urbasako Igoera jokatu, pandemiagatik, baina aurten Nafarroako automobilismo proba ezagunena dena antolatzera animatu zarete.
Guk urte hasieran urtero eskatzen dugu Urbasako Igoera antolatzeko baimena, edozer gerta ere. Baimena behintzat eskatu eta paper kontuak aurreratu, luze joaten direlako. Joan den urtean ere, 2020an, horrela egin genuen, eta aurten baita ere. Iaz ez genuen proba antolatu ez zegoelako baldintzarik. Besteak beste, parte hartzea erdira jaitsi behar zen –50 pilotu–, asistentzia gunea itxita egon behar zen, burbuilan –hori guretako ezinezkoa zen, asistentzia gunea portura doan errepidean bertan baitago–, ikusleendako ere muga handiak zeuden… Horrela ezinezkoa zen, eta bertan behera utzi genuen. Baina aurten egoerak onera egin du nabarmen, eta maiatz aldera aurten Urbasako Igoera antolatuko genuela erabaki genuen.
Pandemia dela eta betebehar berezirik al duzue?
Neurriak asko arindu dira, eta gure proba mendian jokatzen denez, aire librean, jendeak banatuta egoteko aukera du. Hortaz, beharrezko distantzia mantendu ezin badute maskara janztearekin nahikoa da. Urbasako Igoera “ia ohikoa” izango da. Ez dugu itxitako asistentzia gunerik jarri behar izango eta autoen asistentzia, beti bezala, ohiko tokian egongo da. Azken unera arte ez dugu jakingo sari ematea normal egiterik izango dugun edo pilotu bakoitzak bere saria hartu beharko duen.
Urbasako Igoera oso berezia da Olaztin.
Bai, festetako egun handia izango balitz bezala. 8.000-10.000 pertsona etortzen dira lasterketara, pentsa.
“Sakana Motorsport eskuderia berrindartu dugu, eta oso pozik gaude”
Pilotuendako izena emateko epea itxita dago. Nolako parte hartzea izanen da?
100 autoren muga jartzen dugu, asistentziarako eta lasterketa ongi ateratzeko ez dagoelako toki gehiagorik. Urbasako Igoera proba mitikoa da, oso ezaguna, eta beti betetzen dira 100 toki horiek, pilotuek beti ona etorri nahi izaten dutelako. Ez dugu gustuko, baina beti jendea kanpo utzi behar izaten dugu, ez dagoelako denondako tokirik, eta aurten ere horrela izango da.
Aurten Urbasako Igoeraren 39. edizioa jokatuko da.
Bai, azken egunotan aurreko probetako argazki zaharren dantza ederra dabil sare sozialetan: 70. hamarkadako argazkiak, 80koak… Mugimendua badago. Autoen egiaztapenak bezperan egingo dira, ostiralean, lasterketa eguna arintzeko eta larunbatean 13:00etan hasiko da entrenamendua eta segidan lasterketako bi mangak jokatuko dira.
Zuek, Sakana Motorsportekoek, 10 urte inguru daramatzazue proba antolatzen.
Bai. Aurretik beste eskuderia batzuek antolatu zuten proba –Real Automovil Club Vasco Navarro, Escuderia Purroy, San Fermin Eskuderia eta Eguzki Sport–, baina 2011tik aurrera guk hartu genuen ardura. Hain zuzen ere horretarako sortu genuen Sakana Motorsport eskuderia, Urbasako Igoera gal ez zedin eta proba sakandarra izateko. Izan ere, sakandarrak izan dira igoera antolatzeko laguntza gehien eman izan dutenak, eta lasterketa guk antolatzen badugu, guztia Sakanan gelditzen da.
“Urbasako Igoerak aurrekontu eta lan handia eskatzen du”
Zer nolako osasuna du eskuderiak?
Azken urteak ez dira errazak izan. 2018 urtean azken unean proba bertan behera utzi behar izan genuen, igoera jokatzeko bezperetan Nafarroako Gobernuak proba antolatu ahal izateko beste baldintza batzuk jarri zizkigulako, azken unean betetzea ezinezkoak zirenak. Horrek kolpe ederra eman zigun, lasterketarako diru nahikotxo aurreratua genuelako, baina, hala ere, 2019an proba antolatu genuen. Eskatutako baldintzak bete ahal izan genituen, garaiz genekizkielako. Joan zen urtean ez genuen ospatu, koronabirusarengatik, eta gure lokalean hobekuntza batzuk egiteko probestu genuen geldialdia. Eta aurten martxan gaude. Gainera, jende berria sartu da taldera, eta oso pozik gaude. Izan ere, 2018koa gertatu zenean, jende dezentek utzi zuen kluba, guztiz erreta. Herriko gazteekin hitz egin genuen, automobilismoan ibiltzen diren sakandarrekin, eta eskuderia berrindartu dugu.
Hortaz, pozik egongo zarete.
Bai. Gaur egun ondokoak ibiltzen gara Sakana Motorsporten: Arkaitz Irigoien, Eneriz Vesga, Haizea Galarza, Hodei Argüelles, Javier Goikoetxea, Juan Antonio Vicente, Mikel Mendinueta, Raúl Vilariño, Sergio Flores, Asier Vicente, Berat Agirre, Ander Gurmindo, Koldo Razkin, Nerea Agirre eta ni neu. Pozik gaude jende berria sartu delako eta emakumeak ere animatu direlako, orain arte ez baitzeuden. Ildo honetan, Haizea Galarza aipatu nahi nuke. Sekulako lana egin du baimen eta paper kontuekin handik hona bueltaka, eta, tamalez, lasterketa egunean ezin izango da egon, arrazoi pertsonalengatik. Eskuderiako kideek animoak eman nahi dizkiogu.
Tamaina honetako lasterketa baten atzean lan eta aurrekontu handia egongo da.
Oso handia. Dirutza handia dago honen atzean: asegurua, segurtasuna, burokrazia gestioak, hesiak, komunak, garbiketa, beharrezko ibilgailu eta beharrezkoen alokairua, trofeoak… hori gure lana kontuan hartu gabe, ordainezinak diren ordu pila sartzen baititugu. Aurten aurrekontua ixtea zaila izaten ari da, baina nahiz eta egoera kaxkarra izan, Sakanako jende askok laguntza eman digu eta horri esker aterako da proba aurrera.
“Antolakuntzari kasu egin eta, batez ere, ongi pasa dezatela opa diegu zaleei”
Segurtasuna aipatu duzu.
Nafarroako Gobernuak 2018tik bezperatik Urbasako portuko errepidea itxita egotea eskatzen digu, eta guk hartzea ardura hori. Hau da, aurten foruzainek urriaren1eko 19:00etan Urbasako portuko errepidea itxiko dute, Olazti parean eta Ubabako kanadiar pasabide parean, baina bidea itxi eta gero foruzainak joan egiten dira eta gure ardura da errepidea itxita mantentzea. Hau da, segurtasuna jarri behar izaten dugu inor ez sar ez dadin. 2019ko aurrekontuaren zatirik handiena hor joan zitzaigun, eta aurten ere hala izanen da.
Oraindik gauza asko geratzen zaizkizue lotzeko?
Ez, gehiena lotuta dago, xehetasun txiki batzuk izan ezik. Astearteetan izaten ditugu bilerak, eta ostegunean (gaur) hasiko gara muntaketa lanetan.
Urbasa parke naturala da, eta, beraz, zaindu beharrekoa.
Jakina, eta horregatik betebehar gehiago ditugu. Ildo honetan, zentzuz jokatzea eskatzen diegu zaleei: sortzen duten zaborra gero bildu eta eraman dezatela, bakoitza sortzen duen zaborraren arduraduna baita. Lan okerrena guztia garbitzea eta lehen zegoen bezala uztea. Gogoan dut lehen jende asko etortzen zela bezperatik Urbasara, gaupasa egiten zuten eta askok dena botata uzten zuten. Orain benetako zaleak dira etortzen direnak, autoak gustuko dituztenak, ez gaupasa edo festa egitera datozenak, eta gehienek beren zaborra biltzen dute. Esaterako, 2019an, guztia primeran utzi genuen eta oso pozik zeuden Nafarroako Gobernukoak. Ea aurten ere hala gertatzen den.
Beraz, sakandarrak Urbasako Igoerara hurbiltzea animatuko ditugu.
Jakina, ingurunea errespeta dezatela, antolakuntzari kasu egin diezaiotela, proba baimendutako tokietatik jarrai dezatela, segurtasuna bermatzeko eta, bereziki, lasterketaz goza dezatela eta ongi pasa dezatela.
Eguna iristeko gogotsu zaudete?
Bai, giro ona espero dugu, jendea ateratzeko gogotsu dagoelako eta Urbasak beti erakartzen duelako. Ea eguraldiak laguntzen duen eta jendeak ongi pasatzen duen.