Rap musikaren loraldia

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urr. 6a, 12:34

Moisés No Duerme raperoa. IRATI VERGARA

Rap musikaren Nafarroako eszenan ezaguna da Moisés No Duerme musikaria. Los Noctambulos taldearekin kontzertua eskaini zuen Olaztiko kultur etxean. Ikuskizun "anitza" izan zen.

Duela zenbait urte moda bat zen. Baina moda bihurtu zena, gaur egun, rap musika "asko hedatu" dela esan du Moisés No Duerme raperoak. Izen artistikoaren atzean Moisés Berdonce iruindarra dago, eta rap-aren eta musikaren munduan hogei bat urte daramatza. "17 urte nituenetik". Raperos de Emaus eta Brindisi Nero kolektiboaren parte izan zen, besteak beste. "Beti egin izan ditut gauzak rap-aren Nafarroako eszenan". Larunbatean Moisés No Duerme y Los Noctambulos-ek kontzertua eskaini zuten Olaztiko kultur etxean, Bira Nafarroatik Barna programaren barruan. 

Raperos de Emaus ez zen Nafarroako lehenengo rap taldea zan, "baina uste dut Raperos de Emausek mahai gainean jarri zuela nobedadea izan zela militatzen genuen gazte batzuk ginela. Auzoetako gaztetxeetan, herri festetan, gizarte mugimenduetan eta abar aritzen ginen. Horietan aitzindari izan ginen". Ordura arte tradizionalki eszena horretan "punk eta rock" taldeak ziren nagusi. "Mezua emateko modu berritzaile bat eskaini genuen". Ez ziren bakarrak izan, mugimendu horretan Afu Barañaingo taldea ere aritu zela aipatu du musikariak. "Diskurtsoaren estetika aldatu genuen, baina mezua bera zen eszena horretan mugitzen ginelako".

Proiektu berriaren atzean ez dago Moisés No Duerme bakarrik. "Jende gehiago dago proiektuan, eta argi utzi nahi nuen". Los Noctambulosekin batera "banda hibrido berri bat ikusiko du jendeak". Raymi DJ Iruñeko disko jartzaile ezagunak; saxo, tronpeta eta tronboiaz osatutako haize sekzioak eta Txo bideojokeyak, proiekzioak egiten dituenak, osatzen dute taldea. "Gezurra izango zen esatea Moisés No Duerme ikustera joango direla". Abestiak bereak dira, baina zuzenekorako garatu duten formatua zerbait gehiago bada: "Nik bakarrik eman dezakedana baino gehiago".

2000ak
"Nik uste latente zegoen zerbait zela. Nire kasuan institutuan jendea rap-a entzuten hasten zen, grafitiekin hasten ziren, patinetearekin…". Korronte eta estetika berri bat izan zen hip hop kultura. "Momentu horretan, nire kintako edo belaunaldiko jende askok ezagutzen genuenarekin alderatuta zerbait berria bezala ikusi genuen". Komunikatzeko modu berri bat. Estatuan rap-aren urte "potenteak" izan zirela azaldu du. "Guk bide hau hartu genuen, beste bat ere har genezakeen, baina hau aukeratu genuen. Beste garai bat izango balitz… beste gauza bat izango zen".

Hip hop kultura, gainera, "oso aktiboa" zen. "Edo margotzen zenuen edo break egiten zenuen edo diskoak jotzen zenituen edo abesten zenuen". Jendea batzera animatzen zuela esan du raperoak, "baina ez bakarrik ikus-entzule bezala". Hor sortu zitzaion Moisés No Duermeri idazteko jakin-mina. "Baina inolako espektatibarik gabe". Inguruko jende guztiak zerbait egiten zuela ikustean, bera rapeatzen hasi zen, "eta oso ongi gelditzen zen". Jolas bezala hasi zen, "gaur egun dena bihurtu zen".

Rapeatzeko "erritmoa" eta rap asko entzutea behar da. "Inork ez du zerotik ikasten". Moisesendako gitarra jotzea zailagoa dela aipatu du. "Hasteko, gitarra bat behar duzulako". Rapean Internetetik lortutako oinarri bat jarri, eta gainean abesten da. "Kalean gaztetxoak bozgorailuekin ikusten dituzu korroan abesten, ez duzu gehiago behar. Doan da". Baina oso garrantzitsua da rap musika "aktiboki" entzutea, Moisesen iritziz. "Aurretik asko entzun behar duzu, generoaren kodeak ezagutzeko. Rap-a entzuten dutenek, kode horiek barneratuko dituzte".

Moisés No Duermeren estiloa "jaso dugun guztiaren nahasketa" dela aipatu du; "aldi berean desberdintasunak egongo dira, gauza desberdinak bizi ditugulako". Kanpotik ikusten duen jendeak, eta rap musikara hain ohituta ez dagoen jendeak, "dena berdina" dela pentsa dezake, baina barrutik ezberdintasunak nabaritzen direla aipatu du musikariak. Letrek eduki soziala, politikoa eta aldarrikatzailea zuten, "eta oraindik badute". Baina beste "alde batetik" jorratzen dituztela aipatu du: "Beste ikuspegi batetik, beste sentsibilitatetik. Arazoaren parte bagina bezala". Gertatu diren "gauza larriei buruz" abestiak egiten dituzte, baina abesti "leunagoak" egiten dituztela ere esan du. Ironiarekin edo zeharka lantzen dituztela aipatu du.

Garapena
Rap-aren eszena azken urteetan "asko hazi" dela esan du Moisés No Duermek. "1999 eta 2000. urte horietan, guk ezagutu genuenean, oraindik ez genuenean rap-a egiten, kaseteak iristen zitzaizkigun eta gero pirateatutako CD-ak. Hori pixka bat beranduago izan zen". Walkman-etik Discman-era eman dako aldaketa horretan izan zen. "Oso erresiduala zen. Estatuan lau talde ziren". Oraintxe rap talde "infinitu" daudela aipatu du. "Rap- a eta hortik sortutako soinuak". Jende guztiak entzuten du, "popularizatuta dago". Bere garaian moda bat izan zen, gure artean gelditu dena. "Rap taldeak daude, rap-a erabiltzen duten taldeak daude… aniztasun gehiago dago". Subgeneroak ere sortu dira. "Lehen rap musika astunagoa zen, bakarrik gauzak esaten ziren, orain sonoritate gehiago dute, musikalidade gehiago". Komertzialagoa ere bada. "Irratian ere gauza gehiago entzuten dira. Nahiz eta rap musika ez den inoiz irratian asko entzun". Interneteko plataformetan, aldiz, abestiak oso entzunak direla aipatu du, "OT-tik ateratako musikariak baino entzunagoak, kasu askotan".

Ikuskizuna
Rap-a, zuzeneko musika eta ikus-entzunezkoak biltzen ditu Moisés No Duerme y Los Noctambulos-en ikuskizunak. "Azken urteetako ibilbidea errepasatuko dugu, gehien bat, kaleratu ditudan azken bi diskoak: Leve eta La Aldea". Atera dituen abesti solteak ere bihar, larunbata, 20:00etan eginen duen Olatzagutiako kultur etxeko kontzertuan eskainiko ditu. "Zerbait anitza izango da. Raparen mugan mugitzen dena. Kontzertuaren alde bat rap klasikoagoa izango da, eta gero sonoritate berriagoak, abesti dantzagarriak…". Bitartean, zuzeneko proiekzioak eta musika egongo dira. Rap musika gustatzen zaionarendako eta "musikaz disfrutatu" nahi duenarendako kontzertua izango da.

Moisés no duerme ez dago ohituta "horrelako zirkuituetan" mugitzera. Are gehiago, kultur etxe batean lehenengo aldiz ariko da larunbatean. "Aurreko astean Iruñeko Zentralen jo genuen. Hilabete asko generamatzan jo gabe". Haien eszenatoki "tradizionalak" txosnak, herri festak eta horrelakoak dira. "Herri mugimenduak sortutako ekimenetan". COVID-19 birusak eratorritako guztiak “horiek geldiarazi” zituen. Bira Nafarroan Barna programan parte hartzeko aukera zegoen, “eta kontzertu batzuk atera dira”. Programa Nafarroako Gobernuaren apustua da, kultur sektorea berraktibatzeko, “ez bakarrik musikariak, baita atzean dagoen guztia ere: teknikariak, aretoak…”. Ordutegia ere berria da berarendako, “jo dugu askoz aldi gehiago 4:00etan 20:00etan baino”.