Olaztiko Clinker taberna eta jatetxeak 40 urte bete ditu.
1. Duela 40 urte Clinker hartu zenuten. Nola eta zergatik?
Patxi: Ni aurretik zerbitzari izan nintzen Aralarren. Anai batekin igandetan joaten ginen. Mekanikoa nintzen eta Mari Josek eskularru fabrika batean lan egiten zuen. Langabezian gelditu zen, eta animatu ginen.
2. Momentu horretan zer zen?
P.: Cementosen lagapen bat zen eta normalean langileen oinordekoei uzten zieten. Nire aita langilea zen eta hartzeko aukera genuen. Komitearen eta zuzendariaren artean erabakitzen zuten nori eman. Aukera hoberena ikusten zutenari ematen zioten.
Mari Jose: Cementosek herriarendako egin zuen elkartzeko toki bezala. Momentu horretan ez zegoen jubilatuendako elkarterik ez ezer, eta hemen edaria merkeagoa zen beraiendako. Hori mantendu behar izan genuen. Pixkanaka hasi ginen. Nik arropa denda bat neukan Agurainen eta joan etorri egiten nuen. Ondoan eskola dago, eta egun batean hiru irakasle agertu ziren ea bazkaria ematen ote genien galdezka. Hirurekin hasi ginen, eta gaur egun arte. Lana utzi genuen. Harrigarria da zenbat jende pasa den hemendik.
3. Ez da erraza 40 urtez ostalaritza negozio bat kudeatzea, ezta?
P.: Oso gorabeheratsua izan da. Hartu genuenean, 1982ko ekonomia krisia izan zen. Ikaragarria izan zen. Gazte guztiak langabezian, dirurik gabe, eta hona denbora pasatzera etortzen ziren; ezer kontsumitu gabe. Krisialdi guztiak ikusi ditugu, azkenekoa, COVID-19arena. Semeek asko lagundu digute. Helduena sareetan sartu da, guk ez dugula kontrolatzen, bestela, koronabirusaren egoera honekin ez dakit zer egingo genukeen.
P.: Oso gorabeheratsua izan da. Gainera, hartu genuenean 1982ko ekonomia krisia izan zen. 1981an ireki genuen eta 82an krisia izan zen. Ikaragarria izan zen. Gazte guztiak langabezian eta dirurik gabe eta hona etortzen ziren eta ezin zuten kontsumitu ere egin eta hona etortzen ziren kartetan jolasten zuten… harrigarria zen. Krisialdi guztiak ikusi ditugu. Eta azkenengoa COVID-19a.
4. Beraz, Clinkerrek etorkizuna badu?
P.: Ez. Ez dut uste jarraituko dutenik. Bere lana badute eta ez diet gomendatzen. Oso nekagarria da. Ez duzu jai egun bat bakarra ere.
MJ.: Nik uste dut baietz. Nik nahiko nuke semeak gelditzea, beraiek nahi eta behar badute. Hemen jaio dira, nire gurasoek eta anaiak hemen lan egin zuten. Hemen dena dugu. Bizitza oso bat. Semeek hartzen badute ni laguntzera etorri naiteke.
5. Clinker erreferente bat bada.
MJ.: Diskoteka ere izan zen. 4:00etan hasten ginen eta 10:00etan itxi. Herrietako tabernak ixten zituztenean, jendea hona etortzen zen. 2003an inguru itxi genuen. Arautegia aldatu zutenean.
P.: Ez zen berez diskoteka. Gauean irekitzeko baimen bat zen, herrigunetik urrun zegoenez, irekitzeko aukera genuela.
6. Lau hamarkadetan, hamaika anekdota izanen dituzue.
MJ.: Anekdota pila bat. Gehien inpaktatu ninduena diskoteka izan zen. Hainbeste jende gazte eta ni DJ bezala egoten nintzen… Niretako hori izan zen hoberena. Beste egun handi bat 2005ko Nafarroa Oineza izan zen. Harrigarria izan zen. Pila bat egin genuen lan. Zonalde bat hemendik pasatzen zen, eta izugarria izan zen. Ikastolakoei luntxa ere eman genien. Jende pila bat etorri zen, izugarria.
7. Nola aldatu da urte hauetan?
P.: Hiru belaunaldi ikusi ditugu. Familia osoak. Baina nik uste ez dela hainbeste aldatu ongi pasatzeko modua. Gaur egun kotxe gehiago daude eta mugitzea errazagoa da. Baina nahiko antzeko da. Orain, pandemiaren ondoren, ikusiko dugu.
8. Pintxoak, hamaiketakoak, bazkariak… zein da eskaintza?
P.: Denetarik ematen dugu. Eguneko menua, asteburuko menua eta pixka bat bereziago asteburuko menu berezia. Goian jantokia dugu, behean beste bat eta tabernan eta terrazan ere bazkaltzeko aukera dago.
9. Zenbat jende sar daiteke?
MJ.: Goiko jantokian 80 bat pertsona eta behean 60 bat. Tabernan ere jendeak jaten du, eta orain terrazan ere. Terrazak gorakada izugarria izan du. Gazteek ez dute barrura sartu nahi orain. Terrazan egon nahi dute. Egun handienak Santa Agedak izaten dira. Betetzen dugu.
P.: Egun horretan jendeak Clinker aukeratzea… oso berezia da guretzako.
10. Nekagarria da, baina alde onak ere egonen dira.
P.: Jendearekiko harremana. Lagunak egin ditugu. Eguneroko bezeroak dira asko, eta azkenean harremana oso estua da. Familia negozioa da ere.
MJ.: Guraso askok esan digute haien seme-alaben maletak utziko dituztela Clinkerren atean hemen etxean baino denbora gehiago pasatzen dutelako! Nire aita 70 urte baino gehiagorekin ere hemen egoten zen laguntzen. Gazteak kartetan jolasten egoten ziren, eta beraiekin esertzen zen. Porroak eusteko esaten zioten eta guzti. Bihotzekoak eman zionean bi gazte ospitalera bisitatzera joan ziren. Ospitalean galdetu zieten ea senideak ziren eta beraiek ezetz, lagunak zirela. Lagunak! Iktus bat izan zuen ere, eta laguntzen zioten. Ama sukaldean egoten zen, eta nik beragatik ikasi nuen. Patxiren ama ere egoten zen.
11. 40. urteurrena behar bezala ospatu zenuten.
MJ.: Festa gutxi gorabehera espero genuen. Bagenekien elektrotxaranga etorriko zela, Chuchin eta Djak. Baina ez genituen espero seme helduenaren esker hitzak. Sorpresa handia izan zen. Eskerrak hemendik pasa den jende guztiari, langileei, bereziki Olaztiko herriari… San Migel egun batean mustu genuen eta orduan edaria doan eman genuen. Urteurren eguneko bazkarian fritoak,txorizo errea eta txupito bat eman genuen. Bereziena semearen hitzak izan ziren. Margolan bat oparitu ziguten, loreak…