Elkartasun Sarea dago Olatzagutian, eta bere baitan Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua, Olatzagutiko alkatea, udal ludotekaria eta eskola daude. Guztiek osatzen duten sare horren ekimenez Bidelagun proiektua gauzatu dute, udaberrian martxan jarri zutena, martxoa eta garagarrila artean, zehazki.
Anitzarteaneko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek azaldu du zertan dantzan proiektua: “Olatzagutiko gazte boluntarioak, bertako Lehen Hezkuntzako ikasleekin bikoteak sortu eta aisia partekatzea astero”. Zestauk azaldu duenez, Bidelagun programarekin hainbat helburu dituzte. Batetik, eskolatik kanpo euskararen erabilera indartzea. Bestetik, herriko toki edo txokoak elkarrekin ezagutzea. Horrekin batera, olaztiarrak elkar ezagutzea ere bulkatu du Elkartasun Sarean Bidelagun programarekin. Bide batez, boluntarioak txikien erreferente bihurtzen dira. Azkenik, jendartean egon daitezkeen zurrumurruei neurri batean eusteko.
Balorazioa
Zestauk azaldu duenez, Bidelagun egitasmoa martxan egon den hiru hilabeteetan zortzi boluntario beste horrenbeste ikaslerekin elkartu dira astero, ordu bat edo bi. Topaketak egin aurretik, Bidelagun egitasmoko boluntarioek hainbat arlotan prestakuntza jaso dute, esate baterako: entzumen aktiboa, datuen babesa, kulturartekotasuna eta zurrumurruak indargabetzeko estrategiak. Jarduerak iraun duen bitartean asegurua izan dute gainera.
Lehen esperientziaren “oso balorazio baikorra” egin dute Elkartasun Sareko kideek. Horrek eta “hobetzeko” jaso dituzten proposamen ugariek bultzatu dituzte programarekin aurrera segitzea. Horretarako, bidelagun izanen diren boluntario olaztiarrak behar dituzte, heldu edo gazte. Ikasturte honetan, hala ere, berritasunak izanen dira, Zestauk jakinarazi duenez: “esperientziatik ikasi eta hobetze aldera, oraingoan, boluntario bat bi ikaslerekin elkartuko da, eta ez batekin. Horrek aisia lantzea erraztuko duela uste dugu. Gainera, bidelagunek ludoteka erabiltzeko aukera izanen dute”.
Bidelagun izateko
Honako telefono edota posta helbideetara jo daiteke: 699 635 187 edo kultura@olazti.com (Virginia), 616 841 995 edo eirizar@ssbaltsasu.eus (Eneka) eta 648 070 710 edo anitzartean@sakana-mank.eus (Begoña)