Urriaren 30ean Iruñeko Harresien Lasterketa jokatu zen, Gotorlekuan barrena arratsalde eta gauean jokatzen den lasterketa ezaguna. Bost lasterketa jokatu ziren guztira: Baluarte lasterketa (21 km), Harresien lasterketa (15 km), Gotorleku lasterketa (10 km), Forteko lasterketa (5,5 km) eta haurrendako Piratak lasterketak.
Iruñeko Harresien Lasterketak geroz eta parte hartze handiagoa du. Haurrendako Piratak lasterketak kontuan hartu gabe, gainontzeko lau lasterketetan 4.219 korrikalari sailkatu ziren. Maratoi erdia edo Baluarte lasterketa 212 korrikalarik osatu zuten, Harresien lasterketa 778 korrikalarik, Gotorleku lasterketa 2.098 korrikalarik eta Forteko lasterketa 1.131 korrikalarik. Horietako asko sakandarrak ziren. Batzuk bakarrik, taldean besteak, arratsalde gau pasa polita egin zuten gure korrikalariek.
Lehendabiziko 10 postuak kontuan hartuta, bi ordezkari sakandar izan genituen. 21 kilometroko Baluarte lasterketa Andrew MacLeod Leggok (1:10:27) eta Sara Llamas del Serrek (1:33:00) irabazi zuten, eta David Mutiloa Orkarai irurtzundarra zazpigarren sailkatu zen (1:20:45). 15 kilometroko Harresien lasterketan Ibai Alba Vilchez (53:04) eta Naiara Irigoien Indabe (1:04:16) gailendu ziren. 10 kilometroko Gotorleku lasterketan Antonio Etxeberria Serrano (34:48) eta Ana Llorens Perez (38:51) izan ziren txapeldunak; eta, bukatzeko, 5 kilometroko Forteko lasterketan, gizonezkoetan, Iñigo Garcia Gabari (17:36) gailendu zitzaion Ruben Mendieta Alegria olaztiarrari (18:02). Emakumezkoetan Alicia Carrera Hernandezek irabazi zuen (19:19).