Sakana zonalde "eskertua" dela esan du Jorge Sánchez trobadoreak. Ibarreko herri askotan aritu da, eta denetan erantzun ona izan du. "Guretako oso positiboa da hori, Kubako troba berria oraindik presente dagoela esan nahi duelako, eta eskertzen da". Orain, Silvio Rodriguezen izenaren pean doa kantautorea, "baina ez da omenaldi bat edo ordain bat". Silvio en ti… y en mi kontzertua sortzeko Sanchezek artista kubatarren ibilbidean "zerbait" esan dioten hemezortzi abesti bildu ditu.
Musika berarekin sortu den zerbait dela esan du, "kantautoreen unibertsitatean graduatua naizela esan ohi dut". "Nire etxean musika asko jotzen zen. Ilunabarretan nire aita edo aitona gitarrarekin hasten ziren. Azkenean, hori barruan geratzen da. Arrasto hori geratzen da". Sánchez etxean entzundakoa "hobetzen" saiatu da.
Kubako Santiagoako Instituto de la Música delakoan hasi zen Jorge Sánchez musikaren munduan. Bertan audizioak egiten dituzte, eta musikariek probak pasatzen dituztenean, katalogo batean sartzen direla azaldu du. "Profesionalki 1993. urtean hasi nintzen musikan. Katalogo horretan 1999. urtera arte egon nintzen, eta Cuencan promozio bira bat egiteko aukera sortu zitzaidan". Hortik aurrera "gauza positiboak" gertatzen hasi ziren. "Bira txiki horretatik, 22 urte daramatzat Euskal Herrian abestien bidez nire gauzak abestien bidez kontatzen".
Troba berria
1960ko hamarkadaren bukaeran Kuban kultura mugimendu edo fenomeno berri bat sortu zen: Kubako troba berria. Troba tradizionaletik elikatzen zen. Mugimendu honetako sortzaile erreferenteak, besteak beste, Silvio Rodríguez, Pablo Milanés, Noel Nicola eta Vicente Feliú izan ziren. "Gaur egun denboran irauten duen musika mota bat da, baita nazioartean ere". Horren adibide Silvio Rodriguezek irailean eman zuen kontzertua dela azaldu du Sanchezek. "Harrituta gelditu nintzen. Herrialde askotako jendea zegoen. La Tropa Cósmica deitutako talde bat dago, zenbait herrialdetako jendea biltzen du, eta Silvioren kontzertuetara joateko biltzen dira". Kubako troba berria mugimenduak gaur egun duen indarraren adierazle da. "Jendea oso fidela da, eta ni oso harro nago".
Jorge Sánchez kantautoreak ez du troba berriaren jarraipen bat egin, baina bere musikan eragin handia izan duela ezin du ukatu: "Idazteko eta konposatzeko orduan eragin asko du. Musika eta poesia patroi horietatik edaten dut". Bakarrik gitarraren zenbait akorde jotzearekin jendeak generoa identifikatzen duela esan du: "Azkar batean Kubako troba berritik natorrela diote". Ahotsaren tonuan ere "nahi eta nahi ez" nabaritzen dela esan du. "Kantatzen ari zirenean Silvioren antza dudala esaten dute. Ez dit molestatzen, norbaiten antza izan behar badut, nor hobe baino Silvio, baina saiatzen naiz nire zigilu pertsonala izaten".
Trobadorea
Kantautoreek abestiak egiterakoan gizartearekiko "konpromiso" bat dute
Kantautoreek abestiak egiteko orduan "konpromiso" bat dute. Orokorrean, konprometitutako abestiak sortzen dituzte, mezu bat dutenak. Sánchezek Nagore Laffage izena duen abesti bat dauka, genero indarkeriaren aurka egiten duena; La Ira arrazakeriaren kontrako abestia Madrilen eraso xenofobo eta arrazista bat egon ostean idatzi zuena, eta maitasun abestiren bat ere dauka, El amor que das abestia, esaterako. Hay razones abestiarekin kantautoreek, "eta are gehiago trobadoreek", abestiak egiteko orduan izan behar duten konpromiso hori aldarrikatzen du. "Ez da berdina gitarra hartzea eta maitasunaren inguruko abestiak sortu edo gizartean eragina izango duen gertaera bati buruz idaztea". Biek balorea dute, "baina kasu honetan kantautore batek musikaren bidez injustiziak salatu eta aurre egin behar die".
Silvio Rodriguezen musika ibilbidearen inguruko kontzertu bat egitea Binario Estudioko ekoizlearen ideia izan zela esan du Sanchezek. "Esan zidan ea zergatik ez nuen horrelako ibilbide bat sortzen, ez omenaldi edo ordain bat, baizik eta Silvioren zenbait abestien errepasoa, jendeak presente dituenak eta niri gustatzen eta zerbait esaten didatenak". Hasieran ezetz esan zuen, ez zuelako Silviorekin lerrokatu nahi, "baina nire adinarekin kantautore bezala daramatzan urteekin pentsatu nuen dagoeneko ez naizela aurkikuntza bat izango, orduan, egingo dut".
Bizitzaren une desberdinetan esanahi berezia izan duten edo bereziki gustatu zaizkion Silvio Rodriguezen hemezortzi abesti hartu zituen eta horrekin ikuskizuna sortu zuen. Besteak beste, Ojalá, Unicornio azul, Ramo de nube, Sueño de una noche de verano… Prozesu honetan oso garrantzitsua izan da Binario estudio, eta oso eskertuta dago kantautorea. Gainera, Silvio Rodriguezen baimena dute. "Silviok Habanan duen bulegoarekin harremanetan jarri ginen eta berak pertsonalki proiektu honi buruz jakin zuen, prestatzen ari ginela bazekien. Baimena eskatu genion eta oso modu baikorrean erantzun ziguten. Guretako ilusio txute bat izan zen".
"Oraintxe bertan abestiak birziklatzen ari naiz. Hamalau abesti hartu ditut eta nire antologia txiki bat egiteko prestatzen ari naiz. 51 urte ditut, eta badut adina antologia egiteko". Gitarra hartzen duen bakoitzean melodia "pila bat" sortzen zaizkio, izan ere, Sanchezek lehenengo melodia sortzen du eta horren gainean letra idazten du, baina orain "beste fase batean" dago. "Adinarekin eta esperientziarekin gitarran hobetu dut eta baliabide gehiago ikasi ditut, eta abesti horiei beste akorde bat sartuz asko hobetzen duzu". Edo balada zenari reggae ukituak sartu dizkio. "Abestiak eraldatzen ari naiz". Momentuz, ez daki abesti horiek grabatuko dituen, kontuan hartuz "gaur egun musikaren mundua nola dagoen". Baina Silvioren musikan oinarritutako emanaldien bira bukatzean, eraldatutako abesti hauen kontzertuak ematea espero du.