Gazte Txoko zerbitzurako begirale bila

Guaixe 2021ko abe. 14a, 09:52
Olatzagutiako herriaren etxea. ARTXIBOA

Udalak deialdia egin du bi kontratazio egin eta lan poltsa sortzeko. Eskabideak Altsasuko enplegu bulegoan aurkeztu behar dira ostiraleko 14:00ak baino lehen 

Ilbeltza eta maiatza artean, ostiral (18:30-21:30), larunbat (17:00-21:30) eta domeka (17:00-21:00) arratsaldeetan Olatzagutiako Gazte Txokoan begirale aritzeko bi pertsona behar ditu udalak, eta, horregatik, haiek kontratatu eta lan poltsa bat sortu nahi du. Horretarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Altsasuko bulegoari hainbat izangai hautatzeko eskatu dio. Izangaiek enplegu eskatzaile gisa edo lana hobetzeko izena emanda egon beharko dute, eta, jakina, ezarritako baldintzak bete. Onartutako izangaiek proba praktiko bat egin beharko dute epaimahaikideen aurrean. Horrekin batera, haien prestakuntza eta lan esperientzia kontuan hartuko da, eta, horretarako, egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Gainera, euskararen ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bestela proba pasa beharko dute. Hautatuko begiraleak 12 eta 16 urteko gaztetxoekin lan eginen dute.