Zalantza batzuen eta eskaera askoren ondoren, Sakanako belenzaleen elkarteak jaiotzen erakusketa zabaltzea erabaki du. Pandemiak joan den urtean erakusketa zabaltzea eragotzi zuen, baina eguberri hauetan jaiotzen zaleen ezinbesteko hitzordua bueltatu da. Erakusketa bisitatzen dutenek COVID-19 gaitza ez zabaltzeko ezarritako osasun neurriak bete beharko dituzte. 20. aldia da Sakanako belenzaleen elkarteak erakusketa prestatu duena. Eta hura behar bezala jartzen Patxi Agirre, Javier Beunza, Luis Borrega, Saturio Flores, Emeterio Galan, Jesus Mari Garmendia, Katy Mayor, Felipe Orabengoa eta Paco Sanz aritu dira.
Erakusketak Jesus, Jose eta Mariaren bizitzari buruzko dozena bat pasarte jaso ditu. Bakoitza bost metro karratuko diorama batean irudikatuta daude. Haietako hiru berriak dira, erakusketarako propio eginda. Elkartekideak egoitzan lan egin ezin zutenez, etxean egin dituzte jaiotza horiek. Gainontzekoak aurretik eginak badira ere, propio moldatu dituzte erakusketarako.
Sakanako belenzaleen elkarteko kideak, aukera badago behintzat, Bartzelonara eta Madrilera joan nahi dute hilaren akaberan. Bi hirietan jarritako jaiotzak ikusi, haiekin gozatu eta ikasteko bidaiak dira horiek. Olatzagutian ere, ziurrenik, beste elkarteetako kideen bisitak hartuko dituzte. Horretaz aparte, Iparraldeko belenzaleen topaketan parte hartuko dute larunbatean. Arren izanen da eta han Oviedo, Gasteiz, Tutera eta beste herri batzuetako belenzaleekin elkartuko dira. Topaketaren ondoren Arren jarritako jaiotzak bisitatuko dituzte. Topaketa hori heldu den urtean Olatzagutian izanen da.