Udalaren parte hartze aurrekontuen hirugarren edizioan olaztiarrek 45 proposamen aurkeztu dituzte. Batzorde misto batek guztiak aztertu ondoren, eta ezarritako irizpideak kontuan hartuta, hamazortzi proposamenek aurrera egin zuten. Olatzagutian erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek haietako baten alde botoa emateko aukera izanen du, beti ere, Nortasun Agiria edo ordezko bat beharko da botoa emateko. Horretarako, www.olazti.eus web gunean sartu, 012 doako telefonora hots egin edo asteburuan kultur etxean jarriko den hautestontzian botoa eman dezake. Horretarako aukera gaur 19:00etatik 20:30era egonen da, larunbatean 11:30etik 13:30era eta 19:00etatik 20:30era eta domekan, azkenik, 11:30etik 13:30era.
Honako hamazortzi aukeretako baten alde egin dezakete olaztiarrek domekara bitartean: igerilekuetako aldagelak berritu eta askaldegiak jarri kiroldegi ondoan autokarabanendako gunea jarri, Sutegi gimnasioa eta aldagelak konpondu, padel pista estaltzea, argiteria publikoan LED argiak jartzeko bigarren fasea egin, energia eraginkortasuna hobetzeko eraikin publikoetan eguzki plakak jartzea, Batueko iturri inguruan askaldegiak jartzea, frontoian atea aldatu sarbide digitala jartzeko, kiroldegiko gimnasiorako materiala erostea, eskolan estalopea egitea, Arkinorruti industrialdean argiteria hobetzea, kamioien aparkalekuko sarbideak zaintzeko kamerak jartzea, kultur etxeko ur zikinen azpiegitura hobetzea, eguberrietako argiak berritzea, bi desfibriladore erostea, jolas parkeen zorua berritu eta estalpeak jartzea, memoriaren parkean barbakoak jartzea eta Nagusia eta Xabierko Frantzisko kaleak egokitzea irisgarriagoak egiteko.
Aurretik bitan
Hirugarren aldia da Olatzagutiko Udalak parte hartze aurrekontuen prozesua egiten duela. 2018an olaztiarrek erabaki zuten argiteria publikoa eraginkorragoa izateko LED argiak jartzea. 2019an, berriz, Vicente Argomaniz plazako hesia eta arkitektura oztopoak kentzea erabaki zuten.