Perkusio eta itzal ikuskizunak Olaztin

Guaixe 2022ko urt. 19a, 10:26

Txus Eguílaz musikariaren 'Got Rhythm' ikuskizuna izanen da larunbatean, Olaztiko kultur etxean. Igandean familiarteko 'Aioko' ikuskizuna izanen da. 

Got Rhythm ikuskizunak talent show delakoren baten kastina erakusten du. Bartzelonan bizi den Txus Eguílaz musikari nafarraren ikuskizuna "originala, dinamikoa eta dibertigarria" da. Adierazpen erritmiko ugari, gorputz perkusioa, klakea, beat boxa, perkusio akustikoa, elektronikoa eta gaur eguneko doinuak uztartzen ditu talent show berezi honetan. Larunbatean, ilbeltzak 22, 19:00etan, Olaztiko kutur etxean Got Rhythm ikuskizunaren emanaldia izanen da. Sarrerak 6 eurotan eros daitezke Olaztiko Udaleko webgunean eta egunean bertan, 8 eurotan, lkultur etxeko lehiatilan. 

Igandean, ilbeltzak 23, 17:00etan, familiarteko ikuskizuna izanen da Olaztin: Zurrunka Teatro konpainiaren Aioko itzal ikuskizuna. Aioko irla garai batean alaia zen, baina biztanleek, aniztasunak, naturarekiko errespetuak eta bizitzaz gozatzeko denbora libreak izan dezakeen balioa ahaztu dute. Baztertu dituzten bi pertsona oso berezi dira ikuskizunaren protagonistak, eta bidaia fantastikoa eginen dute. Itzalek argia erakutsiko dute. Sarrerak 3 eurotan eros daitezke aurretik, udaleko webgunean, edo egunean bertan, 3,5 eurotan, lehiatilan.