Astekaria

"Baltistango biztanleen giza garapena bertatik bertara sustatzen dugu; bidean laguntzen ditugu"

Iñaki Rubio Mendoza 2022ko urt. 26a, 15:10

Baltistango emakumezkoen bilera. UTZITAKOAK

Bi hamarkada bete ditu Baltistan fundazioak, eta haren kide Txaro Otxandorena Nuñez olaztiarrak argi du bertakoen autogestioa sustatzea izanen dela etorkizuna: “Hushe ibarreko biztanleen esku utzi nahi dugu proiektua”.

Kasualitatez ezagutu zuen ekimena, baina, ordutik, buru-belarri ibili da Txaro Otxandorena Nuñez bertan murgildurik. Boluntario gisa hasi zen Baltistan fundazioan, eta egun, emakumeei zuzenduriko proiektuen koordinatzailea da. Erizaina da ofizioz, eta 12 urte daramatza Baltistango Hushe haraneko (Pakistan) biztanleen garapenerako ekimenak sustatzen. Azkena, ibarreko emakume talde batek sorturiko Ringchan kooperatiba izan da.

Ia 21 urtez egon zarete Pakistango Hushe haranean lanean. Zergatik sortu zen fundazioa?
Gauza askorengatik esanen nuke. Euskal Herriko mendizaleak askotan joaten ziren Karakorum mendikatera espedizioak egitera eta, han, bertako jendea ezagutu eta harreman ona sortu zen haien artean. Gainera, 2001ean Felix Iñurrategi mendizalea hil zen bertan, eta haraneko jendeak hura omentzeko nahia plazaratu zuen. Hala sortu zen fundazioa.


Asko aldatu dira helburuak fundazioa sortu zenetik?
Hasiera batean bertako mendizaleen segurtasuna bermatzeko lan egiten genuen; tresnak ematen genizkien, oso egoera txarretan lan egiten baitzuten. Gero ikusi genuen bertako biztanleak oso pobreak zirela, eta horien artean emakumeak zirela behartsuenak. Neskak, esaterako, ez ziren eskolara joaten eta horri ekin genion. Emakume helduekin ere hasi ginen lanean, gehienak analfabetoak baitziren. Haiekin biltzen hasi ginen, bizitzan zer asmo zuten ere galdetuz, beren beharrak asetze aldera. Emakumeekin egin izan dugu lan gehienbat.



Zer dela eta hasi zinen bertan kolaboratzen?
Kasualitatez izan zen. Emakumeekin lanean hasi zirenean, eskoletan osasun aldetik lanketa egiteko asmoa zutela esan zidan lagun batek, eta eskatu zidan ea proiektu txiki bat egin nezakeen, osasun alorrean lan egiten bainuen. 2009. urtea zen orduan. Handik gutxira, ordea, istripu larria izan nuen, baina laster hasi nintzen berriz ere fundazioan lanean. 

Zertan datza egiten duzuen lana?
Emakumeen ahalduntzea eta berdintasuna erdiesten dihardugu nagusiki. Azken batean, emakumeek nekazaritzako lanak, etxekoak eta abar egiten dituzte eta ez dute etekin ekonomikorik lortzen. Beraz, garrantzitsua da emakume horiek aurrera egitea, era horretan familiak eta, ondorioz, gizarte osoak eboluzionatuko baitu.

Zer nolako eragina izan du pandemiak bertan?
Ondorio larriak izan ditu. Eskolak itxita egon dira denbora luzean, eta ez dakigu pandemiak izan duen benetako eragina; hara joan ezin garelako batetik, eta pandemiaren jarraipen eskasa egiten delako bestetik. Proiektu asko bertan behera gelditu dira; euskal administrazioak bertako egoera zein den egiaztatzeko eskatzen digu proiektu bat aurkezterakoan, eta hori ezinezkoa zaigunez, babes ekonomikorik gabe gelditu gara, eta bere horretan utzi behar izan ditugu ekimen asko.

Nola egiten duzue lan?
Baltistanen lagunak ditugu, gure fundazioaren parte direnak. Haiek biztanleen nahiak eta beharrak jasotzen dituzte eta proiektuak gauzatzeaz arduratzen dira. Guk, Euskal Herritik, informazio hori aztertu eta proiektua bideragarria den edo ez erabakitzen dugu, gerora administrazioaren aurrean aurkezteko. Ez dugu asmatzen zer proiektu burutuko duten, beraien eskaeretatik abiatuta egiten dugu lan, horiek burutzeko baliabideak bilatuz. Biztanleek era autonomo batean konponbidea bilatzea da xedea.

Administrazioak baiezkoa emandakoan, bertako kideek proiektua garatzeko baliabideak lortzeari ekiten dote. Gu horien prestakuntzaz ere arduratzen gara. Dena den, urtean behin joan ohi gara bertara, gauza teknikoetan laguntza eskaintzera eta proiektuak ikuskatzera.

Zein arlotan jarduten duzue, zeintzuk dira ildo orokorrak?
Oro har egiten duguna da beren garapena ahalbidetzen duten tresnak sustatzea. Pertsonak direla eta eskubideak dituztela azaltzen diegu pertsonen garapenerako prestakuntzetan, eta giza eskubideak, autoestimua eta abar lantzen ditugu horietan. Gainera, bertako baliabideak aprobetxatzen ere erakusten diegu. Osasun alorra ere garrantzitsua izan da; biztanleak arduratuta zeuden, erditzerakoan emakume asko hil egiten baitziren, ospitalea urrun zegoelako. Emakume diot, baina 13 urteko neskato bat izan zitekeen. Gauzak horrela, emagin bat lortu zuten ibarra osatzen duten zortzi herrietan aritzeko, hilkortasun tasa dezente altua baitzen erditzen zuten ametan. Geroztik emakume bakar bat ere ez da hil arazo horrek eraginda, eta bertako hiru neska emagintzan espezializatu dira. Gaitasuna dute horrelako iniziatibak aurrera eramateko. Emakume helduekin ere aritzen gara. Vocational Center izeneko espazioetan biltzen dira, nahi dutenaz hitz egiteko eta, azken batean, espazio komun bat edukitzeko, gizonek bakarrik baitaukate halakorik. Behin josteari ekin zioten, eta handik sortu zen eskaera sendo bat; saldu zitekeen zerbait egin nahi zuten. Beraz, emakume horiek egindako txanoak saltzeko iniziatiba sortu genuen denon artean.

Azaldu pixka bat proiektu horren nondik norakoak.
Espazio kolektibo horietan zeudela, bertako emakumeek erabaki zuten enpresa bat sortu nahi zutela diru apur bat lortzeko. Guk pentsatu genuen eskuz egindako zerbait izanen zela aproposena, beraz, Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu genuen proiektua. Helburua ez zen bakarrik produktu bat egitea, prozesu oso bat ehuntzea baizik. Hori lehenengo pausoa izan zen. Garai hartan Arrasateko familia batek esan zidan Baltistanera joan nahi zuela, laguntzera, Felix Iñurrategiren lagunak baitziren. Pentsatzen hasi ginen familiako kide bakoitzak zertan jardunen zuen bertan: bi semeak, Julen eta Antton, sare sozialekin ibili ziren bertako gazteekin; aita, Josu, kooperatiben munduan aditua zenez, kontzeptua azaltzen aritu zen bertako gizonekin. Ama, Aintzane, irakaslea zen, baina ezinezkoa zen horretan jardutea, bertako emakumeek ez baitzekiten Ingelesik. Zer edo zer praktikoagoa behar zuen izan. Beraz, osasun eta higiene aldetik behar handia zutenez, xaboia egitea erabaki genuen. Joateko astebete falta zenean, ordea, Alberto Iñurrategi gurekin jarri zen kontaktuan, eta esan zigun Ternua arropa enpresa prest egonen litzatekeela bertako emakumeek egindako txanoak erosteko. Aste bat besterik ez zen falta Pakistanera joateko, eta Aintzane eta biok ez genekien josten, beraz tutorialak interneten ikusiaz ikasi zuen Aintzanek txanoak egiten, aste bakar batean gau eta egun praktikatuz. Beraz, Baltistanera iritsitakoan, hilabete eta erdi egon zen Aintzane txanoak nola josi irakasten. Gero, fundazioaren barruan sartu genuen ekimena eta behin administrazioaren babesa jasota, teknika hobetu zuten, eta kooperatiba baten nondik norakoak ikasi zituzten. Beren kooperatiba propioa sortzeraino: Ringchan, maite duzun hori, baltieraz. Guk, bitartean, proiektuaren pieza guztiak josten genituen Euskal Herritik. Hau guztia pandemia betean egin dugu.

Zer nolako erantzuna izan du ekimenak?
Oso ondo doa dena. Ternuak 3.325 ale eskatu zituen. Orduan emakumeak hasi ziren pentsatzen nola eginen zuten materiala eta abar erosteko, ezer gutxi baitzegoen merkatuan. Baina bertako fundazioko kideek emakume bat kontratatu zuten proiektu osoa eramateko eta oso ondo joan da. Zailtasunak zailtasun, abendua baino lehentxeago iritsi ziren guztiak. Txano bakoitzak Ternuaren etiketa bat darama, baita proiektuaren izena duen beste bat ere, txanoa josi duen emakumearen izenarekin batera.

Nola hartu du bertako gizarteak emakumeen ahalduntze prozesu hori?
Esanen nuke erresistentzia asko egon dela eta jende asko kontra dagoela. Askotan etorri zaigu nor edo nor esatera ez daudela ados, ezkutatu gabe. Baina jende asko ere alde dago, ikusi dutelako neskak eskolara joanda, adibidez, beste etorkizun bat izanen dutela. Emakume askok ez dute nahi alabek pairatzea haiek bizi izan dutena. Nahiko orokortuta dago eskolara joatea eta handik etorriko da zerbait. Askotan esan izan digute beren bizimodua aldatu nahi dugula, baina guk ez dugu ezer aldatu nahi, beraiek eskatzen dute. Guk giza garapena bertatik bertara sustatzen dugu, bidean laguntzen ditugu. Elizgizonen aldetik, ordea, ez dugu trabarik izan; ibarreko mullah-ek (apaizaren baliokidea) sarritan esan du meskitan oso garrantzitsua dela eskolara joatea. Denetarik dago.

Nola moldatzen zarete hizkuntzarekin?
Bertan ingelesez, urdueraz eta baltieraz dakien emakume bat egoten da, eta interprete lanetan aritzen da. Asko galtzen da, ordea, prozesuan. Aintzane josten irakasten egon zenean, euskaraz esaten zizkien jarraitu beharreko pausoak: “Bi, hiru, lau, gora, behera…” eta haiek errepikatu egiten zuten, euskaraz. Bertako gizon batzuek badakite ingelesez, baina emakume gehienek baltieraz bakarrik dakite. Beraz, ibarretik ateratzen direnean, dela ospitalera edo medikuarenera joateko ezin dira komunikatu. Erabat isolatuta daude emakume horiek. Orain eskoletan Urduera eta ingelesa ikasteko aukera dute.

Haur eta gazteen eskolaratzea ere xede garrantzitsuenetakoa da zuendako.
Urtero egiten ditugu proiektuak eskolaratzea babesteko, batez ere neskei zuzendutakoak. Lehen hezkuntzan ez ezik, bigarren eta goi mailako hezkuntzan ere eskaintzen dugu laguntza. Ikasketak fundazioaren bidez finantzatzen dira, esaterako, urtero nesken eskolaratzea babesteko kanpaina bat egiten dugu, 50 euroko bonuak salduz, hori baita neska txiki baten eskolaratzeak balio duena. Gainera, goi mailako ikasketetarako bizpahiru beka ateratzen ditugu urtero.

Ba al da pertsonalki markatu zaituen esperientziarik?
Bai, asko. Emakume horiei begietara begiratu eta zerbait sentitzen duzu, ez dakit nola esan… haiekin egotean ez duzu ulertzen zertaz ari diren, baina algarek, festa giroak… ingurua hartzen dute. Ukitzen dizute ilea, ikusi nahi dute zure arropa… beste mundu bat da. Beste motatako harremanak dira. Asko markatu ninduen emakumeen jarrerak, maila publiko eta pribatuan zeudenean. Rol zeharo desberdinak irudikatzen dituzte esfera publiko eta pribatuan. Harrigarria da. Alaiak dira bakarrik gelditzen direnean, gizonik gabe, giro pribatuan. Hori positiboa zen niretako, emakume horiek badakitelako zer nahi duten, kontua da ezin dutela lortu, baina kontuz, hasten direnean beren bidea egiten…

Nolakoa da egun bat Hushe haranean?
Oso goiz esnatzen dira. Emakume batendako umeak esnatzea da lehenengo gauza, eskolara joan daitezen. Ondoren animaliekin ibiltzen dira eta haurrak eskolara eramaten dituzte. Azken horietako asko egur bila joaten dira ikastera joan baino lehen. Hori egindakoan, emakumeak landara joan ohi dira egun ia osoa, nekazaritza lanak egitera. Gizon batendako, ordea, lan gutxi egoten da. Batzuek mendian egiten dute lan, eta beste gutxi batzuk atzerrira joaten dira eraikuntzan lan egitera. Baina gehienak paseoan edota meskitara bizpahiru aldiz joanez ematen dute eguna; badira kalean taldeetan hizketan geratzen direnak ere. Bertan soldata jasotzen duten bakar batzuk ere badaude, hala nola postariren bat, irakasleak eta dendariak, baina nekazariak dira oro har, biziraupen ekonomiaren parte. Baliabide ekonomikoak lortzeko behar handia dute.

Kontent zaudete egindako lanarekin?
Bai. Horrek ez du esan nahi dena ondo egin dugunik, askotan hanka sartu baitugu. Sarritan pentsatu ohi dugu bide zehatz bat dela egokiena helburu bat erdiesteko, baina agian ez da bide bakarra. Proiektu batean parte hartzerakoan baldintza batzuk betetzea beharrezkoa da, eta, maiz, bertako esentzia galdu egiten da. Baina nik ikasi dut beraiek badituztela baliabide propioak eta haiek direla beren bidea aukeratu behar dutenak, eta guk horretan lagundu baino ez dugula egin behar.

Nola ikusten duzu bertakoen etorkizuna?
Nahiko ilun ikusten dut. Turismoa izan daiteke aukera handi bat, oso ederra baita Baltistan. Baina klima eta irisgarritasun arazoak ditu; hara iristeko bi egun behar dira. Dena den, ez dakit hori irtenbide gisa ikusten ote duten. Nik aukera gutxi ikusten ditut. Beti pentsatu dut ezinbestekoa dela ezagutu dezaten zer dagoen munduan, beren etorkizuna erabakitzeko.

Zein izanen da hurrengo proiektua?
20 urte bete ditugun honetan, asmoa da aurrera pausu handi bat ematea. Beren esku utzi nahi dugu proiektua. Horretarako bi gazte etorri ziren Mondargon Unibertsitatera LEINN gradua ikastera, zortzi hilabetez. Bertan metodologia berriak ikasi zituzten gerora, ibarrean, azpitik sorturiko ekimen bat egiteko. Bertako unibertsitate, enpresa zein Gobernuz Kanpoko Erakundeekin harremanetan jarri ziren, baina horretan zeudela pandemia iritsi zen. Asmoa da urte batean egitekoa zena bizpahirutan egitea.

Beraz zein izanen da fundazioaren etorkizuna? Desagertu eginen da?
Nik ez nuke hori esanen, baina beste modu batean arituko gara. Gai izanen dira nahi dutena nahi duten eran egiteko. Baliabideak dituzte, bai prestakuntza aldetik bai bertako harremanetan. Beraiei dagokie ardura hartzea.

Erlazionatuak