Aurtengo kinto segizioa 25 olaztiarrek osatuko dute. Baina bi urtetan jaiotako gazteak dira kinto ospakizunetarako elkartu direnak: aurtengoak eta, pandemiagatik, joan den urtean ospatzerik izan ez zutenak. Aurtengo kintoak 20 dira: Miren Ingelmo Kintana, Aimar Jañez Guruziaga, Ainhoa Agirre Rodriguez, Aratz Markez Imaz, Argider Orabengoa Caro, Erkuden Rueda, Gladys Jumbo Chamba, Irati Gorospe Marques, Irune Arguelles Berastegi, Izaro Otaegi Jaka, Izaskun Landa Lasa, Maria Porcel Moran, Nahia Gil Amado, Naroa Garcia Aristu, Olaia Sanchez Amiama, Oier Sarazibar Imaz, Xabier Pascal, Irune Gil Cruz, Idoia Baztarrika, eta Iñigo Bergara. Eta joan den urtean kinta zirenak bost emakumezko: Nuria Alberdi Jimenez, Ainara Baztarrika Mazkiaran, Maitane Vilariño Mendinueta, Alea Orabengoa Caro eta Saioa Lopez Gastaminza. Pandemiagatik ostalaritzako ordutegia murriztu dute, horregatik kintoek argi dute: “topera aprobetxatu ordu batak arte!”
Kinto olaztiarrek beraien ospakizuna herenegun hasi zuten. 07:30ean elkartu ziren, guztiak ere baserritarrez jantzita. Altsasuko ikastetxeetara joaten diren autobusak iritsi aurretik atera ziren kalera, eskatzera. Bost eguneko parrandarako gazteek dirulaguntza behar dutelako. Ondoren kintoak bi taldetan banatu ziren. Batek industrialdeko bidea hartu zuen lantegiz lantegi kinto eskean aritzeko, eta besteak etxez etxeko eskea egin zuen herrian. Horretarako, Itxabela txarangaren laguntza izan zuten. Kintoek ez zioten urteroko hitzorduari hutsik egin eta 11:00etan eskolan agertu ziren. Txikien artean miresmena sortzen duen bisita da kintoena. Haurrekin egon eta dantzatu zuten kintoek, eta, bide batez, haiek eramandako laukoak poltsikoratu zituzten. Gosariaren ondoren, kinto segizioa bazkal garairaino poteoan ibili zen. Eta gauza bera afal garaia iritsi bitartean. Bitarte horietan ere eskean aritu ziren gazteak. Atzo 11:30 aldera elkartu ziren gosaltzeko, eta txarangaren musika lagun, poteoa eta kinto eskea uztartu zituzten. Gaurko plana berdina da. Baina 13:00etan, atzera ere, eskolatik pasako dira kintoak eta txaranga haurrekin egon eta dantzatzeko.
Larunbatekoa kintada eguna da Olatzagutian. Baina COVID-19 gaitza dela eta adinduenak ez dira elkartuko, eta osasun egoerak hobera egiten duenean, aurrerago, elkartuko dira ospatzera. Eta elkartzen diren gehienak sagardotegira joanen dira bazkaltzera. Kinto segizioak, berriz, herrian bazkalduko du. Horren aurretik, gosaldu eta txarangak lagunduta poteoan eta kinto eskean izanen dira. Kintoena ez da larunbatean Olatzagutian izanen den musika bakarra. Izan ere, udalak batukada bat kontratatu du. Perkusioaren erritmora dantzan ibiltzeko aukera izanen da 19:00etatik 22:00etara. Gero parrandak segida izanen du.
Domekarekin despedituko da Olatzagutiko kinto ospakizuna. Gazteak gosaldu eta mezara joanen dira. Ondoren, apaizari, medikuari eta herriko adinduenari eta gazteenari opil bana oparituko diete. Txarangaren laguntzarik ez dute izanen igandean gazteek. Baina ospakizuna borobiltzeko bazkari afariak ez dira faltako.