Valcarce taldearen Olatzagutiko garraiolariendako zerbitzu guneak gasolindegiaz aparte, hotela eta jatetxea ditu. Azken horren kudeaketa zuzena egiten zuen Valcarcek, baina joan den urtean Andamur enpresaren esku utzi zuen. LAB sindikatuak salatu duenez, kudeatzaile berriarekin hasi ziren arazoak. Sindikatuko arduradunek azaldu dutenez, bajan zeudela bost langile kaleratu ditu. Langileei 50 ordu baino gehiagoko lan asteak ezartzen dizkie, medikuagatik edo bestelakoengatik dagozkien lizentziak ukatzen dizkie eta ez dute lan eta opor egutegirik. “Ez du Nafarroako ostalaritzako lan hitzarmena betetzen”.
Jatetxean 10-15 langile artean daude. Denak emakumezkoa, denak migratuak. Kaleratuta izan direnak LABeko arduradunek esandakoa berretsi dute. Emakumezko batek azaldu duenez, “baja hartu ondoren, nagusiak mehatxuka hots egiten zidan, alta har nezan. Bajan nengoela bota ninduen”. Oporretan zegoen langile ohi batek burofaxa jaso eta horrela jakin zuen kaleratuta zegoela, “ez zidan aurretik jakinarazpenik egin. Bederatzi orduko lanaldia nuen eta atseden egun bakarra”. Kaleratutako hirugarren emakumezko batek azaldu duenez, “oporrak nagusiak nahi duenean ematen ditu. Ez ditu lan hitzarmeneko 21 egunak errespetatzen. Soilik 15 egun ematen ditu, eta berak nahi duenean. Eta, posible bada, aste bat hartzeko esaten dizu. Gainera, aurreko urteko opor egunak gelditzen bazaizkizu ordainduko dizkizula esan eta ez du egiten”. Azaldu duenez, batzuk opor egun horien truke kobratuko zutela zioen papera, sinatu zuten, baina ez dute ezer jaso.
Azkenik, “bajan nengoela kaleratu ninduen eta ez zen adiskidetzeko ekitaldian ez zen aurkeztu” salatu du beste langile ohi batek. LABetik azaldu dutenez, bidegabeko kaleratzea salatu ondoren akordiora iristeko aukera da adiskidetzeko ekitaldia. “Baina nagusia aurkezten ez denez, epaiketa izanen da. Kontua da hori sei edo zortzi hilabete barru izanen dela. Bitartean emakumezkoak zain egon behar”. Eta lan harremaneko azken kitatzea kobratu gabe.
Paperak
Sindikatuak Andamurreko arduradunaren beste jokabide baten berri eman du ere: “langilea kaleratu ondoren, enplegu bulegora joaten da langabe gisa izena emateko. Aldi berean, enpresek ziurtagiria bidali behar diote Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari (SEPE gaztelaniaz). “Nagusi honek ez du bidaltzen garaiz. Ziurtagiri horrekin jakiten da zer prestazio dagokion langabezian dagoen pertsona bakoitzari. Guk jakinarazi behar izaten diogu SEPEko abokatuei eta haiek Andamurreko nagusien atzetik ibili behar dute. Langileak bazterrean botata uzten ditu”. LABetik argitu dutenez, lortu dute kaleratutako bost emakumezkoak langabezia kobratzea.
LABetik azaldu dutenez, zerbitzuguneko jatetxean “langileak etengabe aldatzen ari dira. Sukaldari bat kaleratu duela jakin dugu. Lehen laneko martxa zekitenak zeuden, baina orain esperientzia gutxiko langileak daude eta zerbitzuan arazoak daude. Bezeroak erreklamazio dezente jartzen ari dira”. Sindikatuak langile horien prekarietatea salatu eta haien egoerari jarraipena eginen diela azpimarratu du.