Ihoteak-Inauteriak 2022

Mozorroak bigarrenez janzteko aukera

Guaixe 2022ko mar. 4a, 14:39

Mozorrotuen kalejira izanen da Olatzagutian bihar. ARTXIBOA

Helduen kasuan, haurrek hirutan janzteko aukera izan baitute inauterietan

Herri eta haur inauterien ondoren, olaztiarrek hiri inauteriarekin ongi pasatzeko aukera izanen dute larunbatean. Ohi bezala, lagun taldeak gai edo pertsonaiaren bat hartu eta hartaz mozorrotuko dira.  Seigarren aldiz, mozorro onena aukeratzeko lehiaketa antolatu du udalak. Lehiaketan koadrilek, taldeek eta 14 urtetik gorako pertsona guztiek eman dezakete izena. Horretarako, areto futboleko pistara joan beharko da martxoare 5eko 12:00etan. Taldea edo parte-hartzailea identifikatuko duen izen bat eman beharko da. Han izanen den zinegotziak bozketak apuntatzeko orri bat emanen die parte hartzaileei. Orri hori 14:00ak baino lehen bueltatu beharko zaio zinegotziari botoen zenbaketa egin dezan.

Epaimahaia hiru zinegotzik osatuko dute. Gainera, talde edo parte hartzaile bakoitzak gehienez 20 puntu eman ahalko dizkie hiru talderi edo parte hartzaileri. Talde batek ezin izanen du bere buruaren alde egin.  Mozorroak baloratzeko orduan, honakoak hartuko dira kontuan: originaltasuna, egindako lana, antzezpena eta mozorroaren osagarriak. Mozorro lehiaketak honako sariak ditu: lehenengoak  150 euro, bigarrenak 100 euro eta hirugarrenak 50. Epaimahaiaren erabakia dantzaldian jakinaraziko da, 20:00etan. 

Egitaraua 

  • Martxoak 5, larunbata 
    12:00 Mozorro lehiaketarako izen ematea, areto futboleko pistan. 
    Ondoren, karrozen irteera. 
    17:00-19:30 Los Pasai txaranga. 
    19:00-23:00 Raizti dj, plazan. 
    20:00 Mozorro lehiaketako sari banaketa dantzaldian.