Atletismoa

Olaztiko Lilasterketa ate joka

Guaixe 2022ko mar. 15a, 13:30

Pandemia dela eta, joan zen urtean herriz herriko martxan bilakatu zen Lilasterketa. Argazkian, Arruazu.

Martxoaren 20an Olaztin antolatu den Lilasterketarako izena ematea zabalik dago. Autobus zerbitzua egonen da

Martxoaren 6an 26. Lilatoia jokatu zen Donostian, kirolean ere genero berdintasuna aldarrikatzeko emakumezkoen lasterketa. Atletico San Sebastian taldeak antolatutako probak zituen 5 kilometroak oso giro onean bete zituzten proban parte hartu zuten 5.000 emakume inguruk, tartean sakandar askok. Festa egun honetan parte hartzea zen erronka, eta kuadrillan, oinez eta ahal zen moduan osatu zuten lasterketa partaideek, garrantzitsuena mezua baitzen. Aratz Rodriguez Bilbao izan zen azkarrena (16:59). 

Lilasterketarako izena ematea zabalik, doan
Altsasuko eta Sakanako Berdintasun Zerbitzuek, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Jarduera Fisiko eta Kirol Zerbitzuak antolatuta, martxoaren 20an, igandearekin, abiatuko da emakumeen IX. Lilasterketa, "Lilasterketan, Sakanako Emakumeak Martxan!" lelopean. Aurten Olaztin izango da. 12:00etatik aurrera, korrika, patinetan, bizikleta, oinez… izena ematen duten emakumeek nahieran parte hartu ahal izango dute ekimenean. Izena ematea zabalik dago berdintasuna@sakana-mank.eus posta elektronikoan, dohainik. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, 11:30etik aurrera, Olaztin.

Autobus zerbitzua
Antolakuntzak autobus zerbitzua antolatu du Lilasterketan izena ematen dutenak Olaztira eramateko eta ekimena bukatzerakoan, etxera bueltatzeko. Autobusa goizeko 10:30ean abiatuko da Irurtzundik eta herri guztietatik pasako da. Itzulera 14:00etan izango da, Olaztitik. Autobus zerbitzua erabiltzeko aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da.