Udako udalaren haurrendako aisialdi kanpainan izen ematea zabalik

Guaixe 2022ko mar. 24a, 11:01

Haurrak San Migel plazan. ARTXIBOA

Udan Euskarazen Haur Hezkuntzako bigarren zikloko 2. mailatik (2017. urtean jaioak) eta Lehen Hezkuntzako 6. mailara (biak barne) ikasten ari diren haurrek parte hartu dezakete. Izen ematea apirilaren 13an despedituko da.

Olatzagutiko Udalak jakinarazi du udan haurrendako antolatzen duen aisialdia programan, Udan Euskarazen, izena emateko epea zabaldu duela. Horretarako, 948 012 012 telefonora hots egin behar da. Aisialdi eskaintza garagarrilaren 27tik garilaren 21era izanen da, astegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Hartan D edo B hizkuntza ereduan ikasten ari diren haurrak eman dezakete izena. Olatzagutiko Udalak jakinarazi duenez, beste hizkuntza ereduetan ikasten dutenek parte hartu dezakete, baldin eta gutxienez eredu bereko zazpi haurreko taldea osatzen bada eta antzeko adina badute.

Parte hartzaile bakoitzeko 35 euro ordaindu beharko dira, baina bi anai-arreba edo gehiagok izena ematen badute, guztiengatik ordaindu beharrekoa 58 euro izanen da. Tarifa ordaintzeaz salbuetsita egonen dira, udalean berariaz eskatu ondoren, oinarrizko gizarte-zerbitzuek horretarako egindako txostenaren bidez ekonomia prekarietatea egiaztatzen duten pertsonak. Izen emateagatik ordaintzeko, lehentasunez, 948 012 012 telefonoaren bidez izanen da, bestela, udalaren edozein kontutan ingresatuz. Azken aukera hori erabiltzen duenak ordainagiria udaletxean aurkeztu beharko du izena emateko unean. Izen ematea formalizatzeko, izena emateko epean ordaindu beharko da tarifa.