Altsasu eta Sakanako Berdintasun Zerbitzuek antolatzen dute Lilasterketa. Ekimen horren helburua da “emakumezkoek gizartean egin duten ekarpena ikusgai egitea”. Horretarako, bi elementutan oinarritzen dira: “kaleetan zehar emakumezkoen presentzia fisikoa eta kirola edota ariketa fisikoa egitea”. Teknikariek bi helburuak betetzat jo dituzten aurten eta parte hartze aldetik balorazio “oso ona” egin zuten. Izan ere, IX. Lilasterketan 87 neska, gazte eta emakumezkook parte hartu zuten. “Ia Sakanako herri guztietako emakumezkoek parte hartu zuten eta Olatzagutian barna oinez, lasterka, bizikletan eta patinetan ibili ziren”.
Bukatutakoan, Idoia Granizok bertso bat abestu zuen, Irantzu dantza eskolako talde gazte batek dantza bat eskaini zuen. Parte hartzaile guztiendako auzatea izan zen. Eta parte hartzaileek Lilasterketako dortsala bueltatzerakoan, Olatzagutiko Udalak oparitutako poltsa jaso zuten opari. Udalaren “jarrera eta laguntza ona” eskertu zuten teknikariek.
Bederatzigarrena
Lilasterketaren aurreneko zazpi edizioak Altsasuko Udalak antolatu zituen eta herrian egin ziren. Joan den urtean Altsasuko eta Sakanako Berdintasun Zerbitzuak hasi ziren Lilasterketa prestatzen. Pandemia zela eta, jende pilaketak saihesteko, ibarra mendebaldetik ekialdera zeharkatu zuen oinezko martxa antolatu zuten. Aurten estreinako aldia da Lilasterketa Altsasu ez den herri batek hartzen duena.