Azienda komunalean sartzeko udaletxean jakinarazi behar da

Guaixe 2022ko mar. 31a, 11:15

Olatzagutiko Aldoiarko harrobi gainean daude Andiako larreak. ARTXIBOA

Bihartik aurrera sartu daiteke azienda herri lurretan 

Olatzagutiko Udalaren komunalen aprobetxamenduari buruzko ordenantzaren 40. artikuluan jaso denez, martxoaren 31tik aurrera azienda herri lurretan sartu daiteke. Hala ere, udaletik gaztigatu dutenez, aukera hori baliatu nahi duten abeltzainek aldez aurretik udaletxean jakinarazi beharko dute. Eta, horretarako, eskabidearekin batera sartu nahi den aziendaren kopurua zehaztu, haien identifikazio zenbakia (belarritakoen zenbakia) eta osasun kartila ere aurkeztu behar dira. Egindako aitortzaren arabera dagokien tasa ordaindu beharko dute abeltzainek. 

Udaletik gogorarazi dutenez, azienda basoan heldu den urteko ilbeltzaren 20ra arte egon daitezke, eta orduan atera beharko dituzte. Salbuespena zaldiak dira, sasi garbitze eremuetan egon daitezke heldu den urteko martxoaren 28ra arte.