Automobilismoa

Lasa eta Martiarena, Olaztiko euripean onenak

Guaixe 2022ko mai. 3a, 12:00

Pilotuek ikuskizun handia eskaini zuten. AVM

Euriak guztiz baldintzatu zuen IV. Olaztiko Rallysprinta. 32 taldek proba bukatzea lortu zuten, baina 14 talde erretiratu egin ziren. Sakana Motorsporteko Eneriz Besga eta Asier Azkargorta izan ziren sakandar onenak, euren mailan lehenak

Eguraldiak ez zuen batere lagundu, euria eta haizea izan baitziren protagonistak, baina motorzaleak ez ziren kikildu eta guztira 46 taldek parte hartu zuten Sakana Motorsportek apirilaren 23an antolatutako IV. Olazti Urbasa Rallysprintean. 

Partaideek lau aldiz osatu behar izan zuten ibilbidea. Euriak guztiz baldintzatu zuen lasterketa. Errepidea bustita egoteak makina bat buruhauste sortu zien pilotu eta kopilotuei, baina gidatzeko zailtasun horrek, agian, erakargarriago egin zuen proba. 

Ibilbidea Olaztiko herri gunean hasi, eta bertako kale estu eta bihurguneetatik pasa eta gero, Erburua kiroldegitik gora egiten zuen, Altamiraraino, eta bertako bihurguneetatik atzera ere Olaztira jaisten zen. 

Lasterketari eta eguraldiari hobeki egokitu zirenak Ioar Motor Sport eskuderiako Joseba Lasa pilotua eta Maitane Martiarena kopilotua izan ziren (BMW M3 E36). Ibilbideko lau denborak batuta, 15 minutu eta 47 segundotan osatu zuten proba (15:47.000), Malerreka Motorsporteko Daniel del Villarri eta Helena Carrascori 12 segundo aterata (15:59.000). Esan beharra dago 32 taldek lortu zutela proba despeditzea, 14 talde erretiratu egin baitziren. 

Sakandarrak, denetatik
Sakandarrei dagokienez, Sakana Motorsport taldeko Eneriz Besga pilotua eta Asier Azkargorta kopilotua izan ziren azkarrenak (Citroën Saxo VTS). Olaztiarrak zortzigarren sailkatu ziren (17:14.300), euren kategorian, bigarren klaseko 2 mailan lehenak. Malerreka Motorsporteko Alvaro Gutierrez eta berarekin bikotea osatu zuen Iñigo Galarza kopilotu iturmendiarra (Citroën Saxo VTS) hamargarren sailkatu ziren (17:16.400). Sakana Motorsporteko Mikel Mendinueta eta Jon Zelaia (Peugeot 205 GTi) hamabosgarren izan ziren (17:59.600) eta Ander Gurmindo eta Asier Cruz (Renault Clio Sport) hamazazpigarren (18:08.000). 

Aldiz, Iban Lopez de Goikoetxeak eta Javier Fernandezek (Renault 5 GT Turbo) matxura izan zuten lehen tramoan, eta hirugarrenean proba utzi behar izan zuten. Iker Askargorta eta Aja Wilde (Opel Astra) lehen tramoan erretiratu ziren eta Asier Juanez eta Josu Olmos (Clio Sport) hirugarren tramoan, matxurengatik.