Maitane Vilariño

"Liderrak gara, baina oraindik irabazi beharreko bi final ditugu aurretik"

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 20a, 14:09
Osasunako jokalariak, Maitane Vilariño artean, zaleekin. OSASUNA

Igandean Emakumezkoen Osasunak Sadarren jokatutako partida " ahaztezina" izan zela aitortu du Maitane Vilariño Mendinueta aurrelari olaztiarrak, baina Lehen mailara igotzeko bi partida irabazi beharrean daudela

Emakumezkoen Osasuna talde nagusiko aurrelari ausarta da Maitane Vilariño Mendinueta (2002-06-30, Olazti). Joan zen denboraldian Osasunako bigarren taldean hasi zen, Lehenengo Nazional Mailan, baina talde nagusiko entrenatzaile Kakun Mainzek zerbait berezia ikusi zuen, olaztiarrarengan sinistu zuen, eta talde nagusirako deitu zuen. Osasuna une honetan Bigarren mailako Reto Iberdrolako Iparraldeko Zonaldeko lider da, Levanterekin 56 puntura berdinduta eta Espanyol puntu batera duela. Liga despeditzeko bi jardunaldiren faltan, Osasunak irabazi beharreko bi final ditu aurretik Lehen mailara igotzeko. 

Denboraldi ona egiten ari zara, zinez. Zenbat gol sartu dituzu?
Momentuz Ligan hamaika gol daramatzat eta kopan bi. Zenbaki polita da, bai. 

Espanyolen kontra igandean Sadarren bizi izan zenuten partida izugarria izan zen. Orduan lider zen Espanyoli 2 eta 0 irabazi eta Reto Iberdrolako lider jarri zineten ia 9.000 zaleren aurrean. Nola bizi izan zenuen?
Hasieran nahiko urduri nengoen. Autobusean joan ginen Sadarrera, eta handik jaisterakoan eta zaleak zain ikusterakoan dardarka hasi nintzen, urduri, Kakun Mainz entrenatzaileak hamaikakoa esan zuenean lasaitu nintzen arte. Egia esan, partidan nahiko lasai geunden jokalari guztiak, jokoan zenbat genuen kontuan hartuta, agian harritzekoa. Izan ere, Lehen mailara igotzeko borrokan partida irabazi beharra genuen, bai ala bai, soilik sailkapeneko lehen taldea igoko delako Lehen mailara. Beraz, oso pozik garaipena lortzeagatik, baina oraindik irabazi beharreko beste bi final ditugu aurretik. 

Pentsatzekoa da Sadarren jokatzea ahaztezina izango dela. 
Bai, ilusio handiko eguna izan zen. Osasuna klubak gugan sinisten duela erakusten du. Gauza asko elkartu ziren: gorritxo batendako Sadarren jokatzea gorena da, lider jarri ginen, igoerarako borrokan jarraitzen dugu, Mai Garde kapitaina aurten erretiratu behar da, Vickyri asteazkenean ebakuntza egin zioten… guk guztia genuen buruan eta motibazio bat zen. Eta horri guztiari zelaira atera eta mundu guztia animatzen zegoela gehitzen badiozu, ikaragarria. 

Zaleek airean eraman zintuzteten eta 2 eta 0 irabazi zenuten, Patri Zugastik 25 metrotik egindako jaurtiketari eta Miriam Rivasek gurutzatuta sartutako golari esker. 
Bai, partida ona egin genuen, baina guk jada burua datorrenean dugu. Beste bi final falta dira, eta une honetan igandean Barçaren kontra jokatuko dugun partidan pentsatu beharra dugu (11:30, Joan Gamper estadioa). Partida hau oso ongi prestatu behar dugu, Barça etxean jokatzen ligako talderik onenetariko bat baita. Oso partida zaila izango da, eta ezin gara fio. Ikusi genuen zer gertatu zitzaigun duela aste pare bat Lezaman, bana berdindu genuenean. Barçaren kontra Sadarren egindakoa ez badugu errepikatzen, orain arte egindakoak ez du ezertarako balio izango. 

Barça seigarren da sailkapenean, baina Barça ez da edonolakoa.
Bai, eta beraiek ere asko dute jokoan. Datorren denboraldian kategoria berri bat sortu behar dute Bigarren mailan, orain jokatzen dugun Reto Iberdrolaren gainetik egongo dena. Uste dut 1. RFEF maila izena izango duela. Egungo Reto Iberdrola bi kategoriatan banatuta dago, Iparraldeko Zonaldea eta Hegoaldeko Zonaldea, eta sortuko den 2. mailako kategoria berrian estatu osoko taldeek jokatuko dute, ez da zonaldeka banatuta egongo. Reto Iberdrolako lehen lau taldeak igoko dira kategoria berrira, eta beste taldeek play-off moduko bat jokatuko dute. Maila berri horretara igotzeko Barçak puntuak behar ditu. Beraz, bi taldeek asko dugu jokoan. 

Azken partida etxean jokatuko duzue, maiatzaren 28an, Lleidako AEM taldearen kontra. 
Hauek ere sortuko den maila berri horretan sailkatzeko puntuak behar dituzte. Beraz, jokoan asko dagoen bi partida oso zailak ditugu aurretik, irabazi beharreko bi final, bestela ez gara Lehen mailara igoko. 

Emakumeen futbol antolaketan aldaketak badaude, emakumezkoen futbolak gora egin duen seinale.
Bai, talde gehiago, liga gehiago, profesionaltasun gehiago... hori poztekoa da, emakumezkoen futbolean dirua sartzen ari den isla. Salto handia egon da. Esaterako, gaur egun klubeko sare sozialetan agian gurea ez da lehendabiziko publikazioa izango, baina bai bigarrena. Eta hori asko eskertzen da. 

"Sadarkoa ilusio handiko eguna izan zen. Osasunak gugan sinisten duen erakusle"

Bi hitzordu garrantzitsu horien aurrean animoz nola zaudete?
Duela bi aste Athleticekin bana berdindu ondoren urduritasuna sortu zen. Espanyolen kontra Sadarren guztia genuen jokoan, eta irabazita, beldur hori gainditu dugu. Lider gara eta Levanterekin berdinduta gaude puntutan, baina golaveragea gure alde dago. Beraz, argi dagoena da ezin ditugula ditugun bi partida horiek galdu ez berdindu: bi partidak irabazi beharrean gaude. Animoz hobeki gaude, baina tentsio hori mantentzen da. Eta uste dut presio hori izatea ongi dagoela. 

Olaztiarrak Sadarreko partida ikustera joan al ziren?
Familiakoak joan ziren, herriko jende asko ere, klasekoak.... eta eskertzen da, benetan. Herrikoak hor egotea eta zure ibilbidea jarraitzea handia da. Olaztira noanean askotan kalean gelditzen naute, aurreko partida irabazi genuela esateko, edo nola gauden galdetzeko... Jarraitzen didate, eta horrek betetzen nau. Jakina, familia, beti bezala, atzean dut. 

Biokimikako ikasketak zer moduz?
Oso ongi. Gustuko karrera da, hori da garrantzitsuena, eta ikasketak oso ongi daramatzat. 

Oporrak iristeko gogotsu egongo zara.
Lehendabizi, ea Lehen mailara igotzerik dugun. Ikaragarria litzateke. Horren arabera goizago ala beranduago hasiko dugu hurrengo denboraldia.