Ana Imaz

"Zorte handia izan dut izan ditudan bezeroekin"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 22a, 14:05

Ana Imaz Aldasoro Maialen Estetika Zentroko jabea. UTZITAKOA

Olaztiko Maialen Estetika Zentroaren 40. urteurrena ospatu du Ana Imaz Aldasoro estetizistak.

Hasieran arropa denda ere izan zuen, eta denborarekin aurpegi tratamenduetan eta produktu naturaletan bereizitu da.

1. Zentroak 40 urte bete ditu, baina zenbat daramazu lanean?
Ahizpa bat, anaia bat eta ni ginen, eta hirurek ikasketak utzi genituen. Amak lan egiteko gogoak zituen, eta garai horretan Kasinoa, Clinker, eman behar zuten. Laurak aurkeztu ginen, baina gaur egungo jabeei eman zieten. Arropa denda bat jartzea pentsatu genuen. eta dendaren barruan, gela batean, estetika zentroa jarri genuen. 18 urterekin atera nintzen akademiatik, eta obrak egin bitartean etxean egon nintzen. Abenduan denda mustu genuen, eta orduan jaitsi nintzen. Amets bat izan zen; ilusio handiarekin egin genuen dena, oso polita izan zen.

2. Zergatik Maialen izena?
Familia merkataria izan omen da. Nire amona Magdalena deitzen zen eta denda bat zuen; Magdalenaren denda. Orduan, denda zegoen iskina Magdalenaren iskina zen eta bertan zegoen eserlekua Magdalenaren bankua. Denda ireki genuenean mantendu nahi izan genuen, baina bueltatxo bat eman genion: Maialen.

3. Nolakoa izan zen ikastaroa? Formatzen jarraitu duzu?
Gaur egun estetika ikastaroak askoz osatuagoak dira. Garai horretan akademiako urte bat zen, eta lanera. Praktikak bezeroekin egin nituen. Atera nintzenean ez nekien asko, eta formatzen jarraitu dut. Ikastaro asko egin ditut. Ogibide oso aldakorra da, eta etengabe eguneratuta egon behar zara.

4. Moldatzen joan behar zara.
Bai. Gauza asko egiten dira estetikaren barruan, abaniko handi bat da, eta bakoitzak bere bidea egiten du. Nik osasunaren eta produktu naturalen bidea hartu dut. Urteekin asko ikasten joan naiz.

5. Nola lan egiten zenuen?
Gauzak askoz oinarrizkoagoak ziren: depilazioak eta holakoak. Orain mimo gehiagorekin egiten da dena, gehiago hitz egiten da. Baina nik uste ni ere aldatu naizelako dela. Pertsona bakar batekin egoten naiz, eta horretan zentratzen naiz. Garrantzitsuena eroso sentitzea da.

6. Estetika zentroa nola aldatu da?
Ahizparekin eta amarekin hasi nintzen. Ahizpa azkar joan zen eta ama hogei urtez egon zen. Erabaki bat hartu behar nuen. Pena handia ematen zidan denda ixtea, baina ezin nituen bi gauzak eraman. Azkenean estetika zentroarekin gelditzea erabaki nuen, eta toki guztia hartu nuen, moldaketa batzuk eginez.

7. Eta Ana Imaz zertan aldatu da?
Azken bost edo sei urtetan, onerako transformazio handi bat izan dut, eta dena Bach loreei esker izan da. Rosa Legarrarekin ikastaro bat egin nuen, eta talde bat osatu genuen. Berak lore bakoitzaren propietateak erakutsi zizkigun. Hartzen ditudanetik aldaketa erradikala izan da, maila guztietan. Barrutik aldatzen zarenean, kanpotik ere aldatzen zara.

8. Alde profesionalean ere nabaritu duzu?
Pertsonarekin gehiago nago, hitz egiten dugu, gai oso pertsonalei buruz aritzen gara... Nahi badute, ez badute nahi eguraldiaz hitz egin dezakegu, baina sortzen bada hitz egiten dugu eta oso polita da. Lore terapia zerbitzua ere egiten dut.

9. Zer zerbitzu eskaintzen dituzu?
Aurpegi tratamenduetan aditua naiz. Olio esentzialak eta aromaterapia erabiltzen dut ere. Nire ogibidearen beste mugarri bat da. Beste gauza bat desberdin egiten dudana kinesologiaren bidez produktuak aukeratzea da. Bakoitzari dagokion produktuarekin lan egiten dut; probatzen dut, eta hori erabiltzen dut.

10. Nola aldatu dira bezeroak?
Ez dakit oso ongi... Agian produktu naturaletarako joera gehiago dago. Estetika zentro batera etortzen denak zerbait gehiago bilatzen du; kalitatea. Oso pozik nago nire bezeroekin, zorte handia dudala uste dut. Eskerrak eman nahi dizkiet.

11. Nola ospatu duzu urteurrena?
Ospatu dudan lehenengoa izan da. Aste zoragarria izan da; lanpetuta, baina oso pozik. Terapia express-ak egin ditut, ikastaroak, produktuen probak, ospakizuna...