Festetarako udalak hiru pertsona kontratatuko ditu

Guaixe 2022ko eka. 29a, 10:25
Olatzagutiko erraldoien kalejira. ARTXIBOA

Eskabidea eta beharrezko dokumentazioak bihar, 14:00ak baino lehen, aurkeztu behar dira Altsasuko enplegu bulegoan.

Olatzagutiko festak garilaren 23tik 26ra izanen dira. Olatzagutiko Udalak antolatutako festetan hainbat egiteko daude: kaleak garbitu, festetako jarduerak prestatzen lagundu, hiri-altzariak muntatzea eta desmuntatzea eta zerbitzu anitzetako arduradunak agintzen dituen antzeko zereginak egin beharko ditu. Horiek behar bezala egiteko udalak garilerako hiru pertsona kontratatu nahi ditu eta, horretarako, izena ematen dutenen arteko aukeraketa eginen du. Deialdian interesa dutenek 18 urteak beteak, Eskola Ziurtagiria edo baliokidea, lanposturako gaitasuna izatea eta B1 gida baimena izan beharko dute. Euskara jakitea meritutzat joko da. Lanpostuak E mailari dagokion soldata izanen du.