Eskolako ikasleek elkartasun azoka antolatu zuten

Guaixe 2022ko uzt. 1a, 12:54

Errefuxiatu eremuetan lan egiten duen HELP-NA elkartearendako 200 euro eskuratu zituzten.

Olatzagutiko Domingo Bados eskola publikoko 6. mailako ikasleak elkartasun azoka antolatzen eman dituzte ikasturteko azken egunak. Lehenik, azokan saltzeko materiala bildu zuten joan den astean, goizean.  Arropa, jostailuak eta bestelako objektuak jaso zituzten eta asteazken arratsaldean salgai jarri zituzten. Salmahai batetik bestera joaten zirenek Greziako errefuxiatu eremuen egoeraren berri ematen duten argazkiak ikusteko aukera izan zuten ere. 

Eguraldi hotzak ez zien eskolako ikasleei asko lagundu, hotza eta euria egin baitzuen asteazkene arratsaldean. Ikasleek, hala ere, 200 euro eskuratu zituzten. Diru hori Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako Suhiltzaile taldeak eta boluntarioek osatzen dute HELP-NA elkarteak jasoko du. Bestalde, saldu gabe gelditu ziren objektuak Iruñerriko Elkarri Laguntza elkartearen esku daude. 

Azokaz aparte, eskolako ikasleek Ali errefuxiatuarekin harremana izateko aukera izan zuten. Siriako gerratik ihesi, Luxenburgoko Gobernuak bere ardurapean hartu zuen eta, orain, familiarekin han bizi da. Alik esan zuenez, “oso langile eta ikasle atseginak zarete. Maite zaituztet. Gustatuko litzaidake zuekin hor egotea”. Gainera, Sakanatik errefuxiatuen alde beti egiten den lanagatik esker ona adierazi zuen.