Atletismoa

Izaskun Beunza bigarren eta Ruben Mendieta hirugarren Entzierroko lasterketan

Guaixe 2022ko uzt. 4a, 10:51
Izaskun Beunza, podiumean. J.J.IMBULUZQUETA

La Jarana peñak antolatutako Entzierroko lasterketa ezagunak polemika izan zuen, federatuen mailako gizonezkoen eta emakumezkoen irabazleak deskalifikatu zituztelako

Sanferminen aurreko igandean –atzo– La Jarana peñak antolatzen duen Entzierroko lasterketa jokatu zen Iruñean, hainbat kategoriatan, parte hartze handiarekin, guztira 400 korrikalarietatik gora aritu baitziren. Guztiek Santo Domingotik zezen plazara bitarteko ibilbidea egin behar izan zuten. 

Federatuen kategorian azkarrenak Ada Calvià taldeko Hicham Siguieni (2:00) eta Bilbao Atletismo taldeko Majida Maayouf (2:20)izan ziren, baina korrikalari batzuen salaketa aintzat hartuta eta atletismo lizentzien araudiari jarraiki –bi korrikalariak Espainian daude federatuta, baina ez Nafarroan edo mugan dauden komunitateetan, proba honek diru saria duenez, araudian puntuatzeko eskatzen zena–, antolakuntzak deskalifikatu egin behar izan zituen. Horrela, azkenean federatuetan Mikel Clavok (2:01) irabazi zuen, Jorge Buñueloren (2:02) eta Ruben Mendieta olaztiarraren (2:04) aurretik. Iraitz Senar lakuntzarra seigarren sailkatu zen (2:10). 

Emakumezkoetan Sara Prados (2:29) izan zen txapelduna, Izaskun Beunza olaztiarraren aurretik (2:31). 

Herri lasterketan Igor Urtasun (2:18) eta Maider Jimeno (2:55) gailendu ziren, aitonetan Nacho Manero (2:05), amonetan Angela Bernardini (2:59), gazteetan Aimar Domeño (2:14) eta Susana Gonzalez (3:01), txikietan Aritz Goikoetxea (2:55) eta Maren Etxeberria (2:56) eta egokitutakoetan Ruben Pascual (2:41) eta Saioa Urbina (4:14).