Olaztiar batek Goienkale kaleko 1. eta 3. zenbakietan elkarren ondoan dauden bi partzela ditu. Bi partzelek, ordea, ez dute hondo bera eta, beraz, zati bat fatxada lerrotik atzera sartuta geratzen da. Atzera egite horren ondorioz, 13,16 metro karratuko azalera duen espazio publikoa dago. Jabeak hirigintza jarduera plan berezia sustatu du. Horren bidez lortu nahi du bi partzelak bat egitea eta bien fatxadak lerrokatuta gelditzea. Sustatzaileak proposatu du fatxadak berdin uzteagatik udalak galdutako espazio publikoa partzelaren iparraldean dagoen kale estuan ematea. Horrela, haren zabalera egungo 2,8 metroetatik 3,58 metrora pasako litzateke. Aldaketa horrez ez ditu partzelaren azalera eta eraikigarritasuna aldatzen, 188,38 m2-an mantentzen da.