Erasoagatik atxilotutakoa epailearen esku utziko dute gaur

Guaixe 2022ko uzt. 25a, 10:32
Olaztiarrak kale Nagusian. ARTXIBOA

19 urteko gazte batek 31 urteko gizon bat larri zauritu zuen larunbat goizaldean.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bi gizonezkoren arteko borroka izan zen kale Nagusian larunbateko 07:35ak aldera. Liskarraren ondorioz, 31 urteko gazte bat larri zauritu zen eta hura artatzera Altsasuko osasun etxeko medikua eta erizaina eta medikudun anbulantzia joan ziren. Zaurien larritasuna ikusita, gizonezkoa Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten pronostiko erreserbatuarekin.

Gertaera horiengatik,  Foruzaingoaren Altsasuko polizia-etxeko patruila batek 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, eta lesio delitua egotzi dio. Foru gobernuak jakinarazi duenez, erasotzaileak aurrekariak ditu. Atxilotutakoa gaur eramanen dute guardiako epaitegira, eta epaileak erabakiko du behin-behineko espetxealdian sartzen duen, aske uzten duen den edo kautelazko neurriak jartzen dizkion. Foruzaingoaren Polizia Judizialeko Dibisioa arduratu da ikerketaz, eta zabalik dago oraindik, borrokan pertsona gehiago egon ziren jakiteko.