Aske, kautelazko neurriekin

Guaixe 2022ko uzt. 25a, 15:40

Bikote bat frontoiaren parean, kale Nagusian. ARTXIBOA

Larunbat goizaldeko erasoan beste gizonezko bat larri zauritu duen gaztea aske utzi du epaileak.

Foruzaingoaren polizia-etxean larunbataz geroztik atxilotuta zegoen 19 urteko gazte olaztiarra guardiako epaitegira gaur eraman dute. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, lesioa delituagatik dagoen olaztiarra aske utzi du epailea. Bi kautelazko neurri ezarri dizkio: zauritutako pertsonarenganako urruntze-agindua eta biktimaren bizilekua dagoen herrira joateko debekua. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bi gizonezkoren arteko borroka izan zen kale Nagusian larunbateko 07:35ak aldera. Liskarraren ondorioz, 31 urteko gazte bat larri zauritu zen eta hura artatzera Altsasuko osasun etxeko medikua eta erizaina eta medikudun anbulantzia joan ziren. Zaurien larritasuna ikusita, gizonezkoa Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten pronostiko erreserbatuarekin.

Gertaera horiengatik, Foruzaingoaren Altsasuko polizia-etxeko patruila batek 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, eta lesio delitua egotzi dio. Foru gobernuak jakinarazi duenez, erasotzaileak aurrekariak ditu. Foruzaingoaren Polizia Judizialeko Dibisioa arduratu da ikerketaz, eta zabalik dago oraindik, borrokan pertsona gehiago egon ziren jakiteko.