Jose Miguel Gorospe

"Umearendako, iturriaren jabea naiz"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko abu. 1a, 08:13

Olatzagutiako Vicente Argomaniz plazan iturri bat dago. Iturri hori ez da betidanik bertan egon, lehen pixka bat aurrerago zegoela azaldu du Jose Miguel Gorospe Galbete olaztiarrak

Azaroan 88 urte beteko ditu Jose Miguel Gorospe Galbetek. Olatzagutian jaio zen, Vicente Argomaniz plaza inguruko etxe batean, eta bertan bizi da gaur egun arte. Bizitza osoa inguru horretan bizi izan da. Bere garaikide asko bezala, ez du bizitza erraza izan. Oso txikia zela, bost urterekin, ama galdu zuen; eta aitak lau haurrekin aurrera atera behar izan zuen.

Ondoren, 40 urtez harrobian lan egin zuen. Hamabi orduz egiten zuten lan, gauez eta egunez; aste bat gauez eta beste aste bat egunez. "Etxera iristen ginen eta ez genuen familiarekin egoteko tarterik; ohetik lanera eta lanetik ohera". Arrisku handiko lana zen harrobiarena, harkaitzen azpian palarekin haitzak kargatzen ibiltzen zirelako. "Modu txarretan". Horregatik, meatze estatutua jarraituz, 58 urterekin jubilatzeko aukera izan zuen. Baina erretiratu eta gutxira emaztea "goiz" hil zen. 

Vicente Argomaniz plazako ingurua ongi ezagutzen du Gorospek, bertakoa baita, eta bertan pasatzen duelako denbora. Vicente Argomaniz Olaztiko Katedradun bat izan zen, Gorospek azaldu duenez. Berak ezagutu zuen; "mutilzarra zen, zenbait anai-arreba ziren eta betidanik familiak negozioak izan ditu: ultramarino dendak eta horrelakoak. Garai horretan egoten zirenak, denetarik saltzen zuten denda horietakoak". Argomaniz beti kanpoan bizi izan zela gaineratu du, ikasketak egiteko kanpora joan zelako. "Plaza honetara etortzen naiz, hemen jaio nintzen eta hemen jarraitzen dut. Beti bizi izan naiz hemen". 

Iturria
"Lehen iturria zegoen aurrean dagoen plazatxo horretan. Etxeetan behiak, txerriak eta ahuntzak zeuden, eta goizean korneta jotzen zuten eta ahuntz guztiak ateratzen zituzten eta mendira eraman. Gauean etxera ekartzen zituzten berriz". Etxe guztien aurrean egurra egoten zen, eta egurra menditik astoek garraiatzen zuten. Astoak, beraz, etxeetako abereen artean zeuden ere. "Horrela ibiltzen ginen". Etxeetan abereak zeudenez, iturriaren ondoan abereek edateko aska zegoen.. "Jendeak abereendako bertatik ateratzen zuen ura". 

Ondoren, Arrano iturria lekualdatu zuten eta gaur egun dagoen tokian, Vicente Argomaniz plazan, jarri zuten. Gorospek ez du gogoan noiz egin zuten lekualdaketa. Orain, Olatzagutiako Udalak obrak eginen ditu plazan: plazako argiteriaren instalazioa berritu eta luperatuko du, baita euriaren urak kanalizatzeko eta plazaren lurzorua aldatzeko lanak ere. "Horregatik orain abandonatu samar dago". Orokorrean plaza horretara ez dela jende asko joaten esan du Gorospek, "ez dakit eserlekuak gustatzen ez zaizkielako den edo zergatik den". Haurrak, aldiz, askotan ibiltzen dira bertan jolasten. 

Iturria zikina dagoela ikusten badu, Gorospek erratza hartu eta kanpotik eta barrutik garbitzen du. "Haurrak egoten dira gauzak barrura botatzen, eta nik ikusten dudanean soberan dagoela, garbitzen dut". Berak nahi duelako egiten du. Tutu malgu bat ere jartzen du iturriaren txorrotan ureztatzeko, eta haurrak harekin ibiltzen dira jolasten. "Leku batetik bestera ibiltzen dira. Aurreko egunean haur bat tutuarekin aritu zen eta esan nion belarretan uzteko bestela apurtu egingo zela. Etxera joan zen, eta esan zien: 'Badakizue zer esan didan iturriaren jabeak? Tutua belardian uzteko'. Umearendako, iturriaren jabea naiz".

Iturriaren ura ez edateko gomendatzen duen kartel bat dago, "edangarria da, baina ez du klororik". Iturburua harrobiaren ondoan dago, bidegurutze batean, "bide bat harrobira doa eta bestea portura, eta bien artean iturburu bat dago. Bertan iturri bat eta depositu bat daude, iturriaren gainean, eta depositu horretatik herriko hiru iturrietara eramaten dute ura".