Hildakoa lan istripuan

Guaixe 2022ko ira. 8a, 14:35

Foruzaingoaren patrulla porlandegian. @policiaforal_na

55 urteko gizonezko olaztiar bat zendu da Porlandegian izandako ezbeharrean.

Ostegun eguerdian, irailaren 8an, heriotza eragin zuen lan istripua gertatu zen Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas enpresan. Pabilioi batean zamalanetan ari zen orga jasotzaile batek gizonezko langile bat harrapatu zuen. Lankideek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuten, baina medikua zuen anbulantzia iritsi zenerako gizona hilda zegoen eta ezin izan zuten ezer egin. Foruzaingoa ari da ezbeharra ikertzen.

Erreakzioa
Lantegiko enpresa batzordean gehiengoa duen ELA sindikatuak ″babesa eta elkartasuna″ adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei, eta, aldi berean, ″ikerketa sakona egitea″ eskatu du, ″ezbeharraren arrazoiak eta erantzukizunak zehazteko″. ELAk jakinarazi duenez, dagoeneko aurten hamabi pertsona hil dira lan-istripuz Nafarroan, 55 guztira Euskal Herrian. 2012tik, laneko ezbehar-tasa %30 igo da, eta laneko heriotzen %40ren arrazoi zuzena da enpresek segurtasun neurririk ez izatea. 

ELAtik gaineratu dutenez, ″erreakzionatu beharrean, patronala isilik geratzen da behin eta berriz, eta Nafarroako Gobernuak baliabide publikoak esleitzen dizkio CEN, UGT eta CCOOen Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figurari, NOPLOI eta Lan Ikuskaritza baliabide faltagatik kolapsatuta mantentzen dituen bitartean″. Horregatik, ELAk lan ezbeharren ″odolustea geldiarazteko″ eskatu du. Horretarako ″onura ekonomikoaren aurrean plantillen segurtasuna lehenetsiz, eta kontrolerako bitarteko publikoak areagotzeko elkarrizketa sozialeko politikak alde batera utziz″. Aldi berean, ELAk langileak mobilizatzera deitu ditu, ″enpresen eta lantokien lan ezbeharrak desagerrarazteko″.