Udal ludotekan izena emateko epea zabalik dago

Guaixe 2022ko ira. 12a, 17:51
Ludotekan dantzan. ARTXIBOA

Lau urtetik gorako umeek eman dezakete izena hilaren 23ra arte. Horretarako, udaletxeko bulegora joan behar da astegunetan 10:00etatik 14:00etara, edo, bestela, kultura@olazti.com helbidera mezua bidali behar da. Bat edo bestea erabili izena emateko fitxa osatu behar da. 

Akelarre udal ludotekako ikasturte berria lastailaren 10ean hasiko da. Izena ematerakoan lehentasuna izango dute Olatzagutian erroldatutako haurrek eta dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek, baldin eta adingabea Olatzagutiko Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela-eta, baina bai legezko tutore bat. Seme-alabak izena emateko gutxieneko adina lau urte dira. Udalak ez du gehieneko adinik ezarri. Hala ere, izena ematen duten haurrek bete beharreko baldintza izanen da autonomia izatea esfinterren kontrolean. Salbuespena dibertsitate funtzionala duten haurrak izanen dira. 

Bi talde sortuko dira ludotekan. Adinaren araberako banaketa orientagarria eginez osatuko dira taldeak. Aurrenekoan 2018, 2017, 2016 eta 2015 urteetan jaiotakoak egonen dira eta bigarrenean 2014an eta aurreko urteetan jaiotakoak. Ordutegiari dagokionez, 2. taldea (20 plaza gehienez) astelehenetan 16:30etik 18:00etara egonen da ludotekan. Asteazkenetan, 15:00etatik 16:00etara psikomotrizitatea dantzari aplikatuta saioa izanen da 1. taldearekin (15 plaza). Ondoren, 16:00etatik 17:00etara, dantza modernoaren hastapenak izanen dira 2. taldearendako (15 plaza). Ostegunetan, berriz, 16:30etik 18:00etara 2. taldea egonen da Ludotekan (20 plaza).

Hezkuntza-premia berezirik izanez gero, ratioa murrizteko aukera izanen du udalak, beti ere, premia mota eta ludotekak egin beharreko proposamena kontuan hartuta. Izena ematerakoan saio bat edo bi aukeratu daitezke. Inskripzioak urte osoan zehar onartuko ditu udalak, baldin eta plaza libreak badaude, eta ordainketaren zenbatekoa berbera izango da, inskripzio-data edozein izanda ere.

Ludotekaren erabiltzaileak izen ematea berretsi ondoren dagokien kuota banku edo kutxa bidez ordaindu beharko dute. Horretarako ordainketa agiriaren fotokopia aurkeztu beharko da, eta udaletxera bidali ahal izango da honako helbide elektroniko honen bidez: olazti@olazti.com edo udaletxeko postontzian utzi. Tarifa ordaintzetik salbuetsita egongo dira, udalak berariaz hala eskatuta, beren prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako emandako txostenaren bidez.