Gazte txokoan izena emateko epea zabalik dago

Guaixe 2022ko ira. 15a, 11:45

Gazte txokoak ludoteka erabiltzen du egoitza gida.

Hilaren 23ra arte eman daiteke izena udaletxean, 10:00etatik 14:00etara, edo kultura@olazti.com posta elektronikora mezua bidaliz. Bi kasuetan izena emateko fitxa bete eta zerbitzuaren araudia onartzen den dokumentua sinatu behar da. 

Olatzagutiko Udalak gazte txoko zerbitzua eskainiko du ikasturte berrian. 12 eta 16 urte bitarteko olaztiarrei zuzendutako eskaintza da udalarena. Gazte txokoak asteburuetan zabalduko ditu ateak lastailaren 14tik maiatzaren 20ra arte. Ostiraletan 18:30etik 21:00etara eginen da zabalik, larunbatetan 17:00etatik 21:30era eta domeketan 17:00etatik 21:00etara. Eskaintzak aurrera egiteko gutxienez 10 gaztetxok eman behar dute izena, gehienezko kopurua 40koa da. 

Izen ematea hilaren 23ra arte dago zabalik. Baina plazak libre badaude, izen emateak ikasturtean zehar onartuko ditu udalak. Kasu horietan ordainketa tasa bera izanen da. Dauden plazen kopurua baino eskari handiagoa badago, itxaron-zerrenda bat sortuko da. Izena ematerakoan lehentasuna izanen dute Olatzagutian erroldatutako haurrek eta dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek, baldin eta adingabea Olaztiko Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela-eta, baina bai legezko tutore bat. Interesa dutenek izena emate orria betetzeaz aparte Gaztetxokoaren diziplina-neurriei eta zehapenei buruzko araudia onartzea dokumentua sinatu beharko du. 

Udalak eskabideak baieztatu ondoren, onartutakoek dagozkien tasak ordaindu beharko dituzte banku edo kutxa bidez. Ondoren, ordainketa agiriaren fotokopia udaletxean aurkeztu, udaletxeko postontzian utzi edo olazti@olazti.com e-posta helbidera bidali beharko da. Tarifa ordaintzetik salbuetsita egongo dira, udalak berariaz hala eskatuta, beren prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako emandako txostenaren bidez.