Enpresa batzordeak deituta, Cementos Portland Valderrivasko lankideak eta euskal gehiengo sindikaleko hainbat enpresetako ordezkariek kontzentrazio isila egin zuten enpresaren bulegoen parean ostiral eguerdian. Horrela, joan den ostegunean lantegian lan istripu baten ondorioz hil zen langilea gogoan izan zuten eta familiari elkartasuna adierazteko. Lur jota zeuden lankideak. Olatzagutiko porlandegiko enpresa batzordean gehiengoa duen ELAko kide batek esan zuenez, "orain ez, baina aurrerago eseriko gara zuzendaritzarekin hitz egitera".
Hildakoa 55 urteko olaztiarra zen, alaba utzi du. Enpesan 30 urte zeramatzan lanean. Bera ibarreko lantoki batean aurten hiltzen den bigarren langilea izan zen. Heriotza eragin zuen aurreko lan istripua Lakuntzako Sakanako kooperatiban izan zen martxoaren 18an. Orduan 39 urteko Berriozarko gizonezko bat hil zen. Orduan bezala, joan den astean ere, sindikatuek administrazioari eta zuzendaritzei berehala neurriak hartzeko eskatu diete.