Astekaria

"Gure erraldoiak Donostiako kaleetan paseatzen ibili ziren San Joanetan"

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 3a, 14:45

2019ko inauterietan Iruñeko erraldoi konpartsez mozorrotu zen Maite Barrenetxea Gomes olaztiarraren kuadrilla. Erraldoi eder horiek Olazti, Eulate eta Donostia ezagutu dituzte

1. Beti mozorrotzen zarete?
Bai. Beti gustatu izan zaigu mozorrotzea. Inauteriak gogoz bizi ditugu. Lehen, Olaztin egunez herri-inauteria egiten zen eta gauez jendea mozorrotzen zen nahi zuen moduan; baina gero aldatu zuten, eta ordutik asteburu batean herri-inauteria ospatzen da, eta hurrengoan karrozak egiten dira piñata inauterian. Karrozena hasi zenetik beti mozorrotu izan gara. Karroza prestatu, eta kuadrilla osoa taldean ateratzen gara. 

2. Nola bururatu zitzaizuen Iruñeko erraldoien konpartsaz mozorrotzea?
Bi lagunek seme-alabak zituzten tarte horretan, eta haurrak erraldoiekin liluratuta zeuden. Kuadrillako Nereak proposatu zuen Iruñeko erraldoiez mozorrotzea. Hasierako ideia zen trajea erostea eta mozorrotzea, baina, hitz egiten hasita, erabaki genuen benetako erraldoiak prestatzea. 

3. Nolako lana hartu zenuten!
Bai, lana izan zen. Ni hasi nintzen ideia garatzen. Abendu hasieran hasi ginen lanean. Kuadrillako mutilek egitura landu zuten. Zurezkoa eta material birziklatuzkoa da: poliespana. Erabilitako ia material guztiak birziklatuak dira, oihalak izan ezik. Abendu hasieran hasi ginen lanean. Jantziei dagokienez, ez dut inoiz josi, baina nik egin nituen patroiak. Ez dakit nola, baina egin nituen (kar, kar…). 

4. Laguntza izan al zenuten?
Bai, jende askok lagundu zigun. Kuadrillako baten amak eta beste hiru emakumek –Elo, Maria Jesus, Alicia, Mila eta Josune–, nik egindako patroiei jarraiki arropak josi egin zituzten. Aurpegiak margotzen Maria Jesusek eta nire ahizpek, Mirentxuk eta Martak, lagundu ziguten. Eta azken ukituak eta xehetasunak kuadrillako neskok egin genituen. Bestalde, Sakanako Belenzaleen Elkartekoek urtero ikastaro bat egiten dute poliespanarekin nola egiten duten lan erakusteko, eta izena eman nuen. Eurek irakatsi zidaten, eta zortzi erraldoien aurpegiak eta bustoa poliespanarekin egin nituen. Horrela, erraldoiak ez dira pisutsuak, arinak dira.  

5. Buruhandi bat ere egin zenuten.
Bai, El Barbas. Esan zidaten, “Caravinagre egin”, baina gehiegi izango zela pentsatu nuen, zailagoa. Errazena iruditzen zitzaidana egin nuen: El Barbas. 

6. Iruñeko erraldoiak direla begi bistakoa da. Arropak ere berdin-berdinak dira.
Ahalik eta antzekoenak egin genituen. Europa, Afrika, Asia eta Amerikako erregeak eta El Barbas. Inauterietan atera ginenean, umeak txundituta geratu ziren. Gure atzetik ibili ziren egun guztian, sanferminetan bezala. Oso polita izan zen. Gure kuadrillako batzuek txarangan jotzen dute, baina erraldoiak eramatea eta musika jotzea, ezinezkoa da. Bafle bat eraman genuen. Izugarri ongi pasatu genuen. 

7. Sariren bat jaso al zenuten?
Bigarren saria. Lehen saria pilota partida baten emisioa antzeztu zuen laukote batek irabazi zuen, aurkezleak eta pilotariak, frontoi eta guzti. Oso originala zen. Gu bigarrenak izan ginen. 

8. Eta inauteriak bukatuta, zer egin zenuten erraldoiekin?
Kuadrillako baten familiako bajera batean gorde genituen. Bitartean, 2019 urtean bertan Eulatetik hots egin ziguten. Nonbait, bertan erraldoiak izugarri gustuko zituen gazte bat zegoen, eta festetarako ea gure erraldoiak eraman ahal zituzten galdezka. Uste dut bikote bat eraman zutela, eta gero bueltan ekarri zuten. Eta Olaztiko festetan erraldoi bikote bat, Europako errege eta erregina, atera genituen Olaztiko konpartsarekin batera. Umeek dantzatu zituzten, hala nahi zutelako. Hautsa pilatzen egon beharrean, nahiago dugu erraldoiei bizitza eman eta erabiltzea.  

9. Zuen erraldoiek aurten Donostian dantzatu omen dute.
Kontua da gure erraldoiak ez daudela prest muntatu eta desmuntatzeko. Muntatuta daude, eta, hortaz, toki asko okupatzen dute. Horregatik, erretiratu behar genituen, zeuden bajeran tokia behar zutelako, baina ez zen ordua iristen. Behin, gure kuadrillako Sergiok jakin zuen Donostiako Antiguako auzoan erraldoien konpartsa bat sortzen ari zirela eta erraldoi batzuk egitea enkargatu zutela. Berak esan zien guk erraldoi batzuk eginak genituela, ez genituela erabiltzen eta ea nahi zituzten, eta haiek baietz. Festak San Joanetan ospatzen dituzte, eta euren erraldoiak prest ez zeudenez, gureak eraman zituzten aurten. Eta gure erraldoiak Donostian paseatzen ibili ziren. Asteguna zenez, pena handiz ezin izan ginen ikustera joan. Diario de Noticiasen artikulu bat idatzi zuten, Donostian San Ferminen pregoia egin zutela esanez (kar, kar). 

10. Hortaz, zuen erraldoiak donostiarrak dira orain.
Hiru bikote han geratu dira. Erraldoiei bizia eman nahi diegu, erabil ditzatela. Laugarren bikotea, errege eta erregina europarrak, aldiz, Olaztin daude. Erraldoiak Donostiara eramateko orduan sekulako pena eman zidan, eta Europakoak Olaztin uztea erabaki nuen. Mozorrotzean nik Europako erregina eraman nuen, eta Joshepamunda eta Joshemiguelerico, beraz, nire aitaren bajeran daude. Aurten Olaztiko festetan atera nituen, lagun batekin. Olaztiko erraldoien arduradun Julio Marquesek eskerrak eman zizkidan. Konpartsa aurrera ateratzeko nahikoa lan dute, jende falta dutelako, baina galdetu zidan ea San Migel egunerako utziko genizkien, gaztetxo batzuk animatu eta ateratzeko. Jakina, baiezkoa eman nion. Gu, pozik. Pisu oso gutxi dutenez, edonork eraman ditzake.

11. Zuen hurrengo mozorroa zein izango den, jakin-mina egongo da.
(Kar, kar). Aurten ijitoz jantzita atera ginen. Pandemia zela ez zela, di-da egin genuen, gehiegi prestatu gabe. Baina hurrengorako prestatuko dugu zerbait. Buruari eragiten hasiko gara.