Automobilismoa

Milaka zale espero dira 40. Urbasako Igoeran

Guaixe 2022ko urr. 7a, 13:00
Joseba Iraola 2021eko Urbasako Igoeran, portuan gora.

Sakana Motorsportek Sakanako motor festa handirako guztia prest du. 100 autoen muga berehala bete zen, eta ikuskizuna 13:00etan hasiko da, entrenamenduekin. Urbasako errepidea gaur itxiko da

Sakana Motorsport eskuderik guztia prest du bihar, larunbata jokatuko den Sakanako motor festa arrakastatsua izan dadin. Urbasako Igoerak data borobila bete du aurten, 40 urte, eta motor ikuskizuna berezia izatea espero dute. Urbasako portua gaur, ostirala, 19:0e0tan itxiko dute Foruzainek, segurtasunagatik, eta bihar 13:00etan hasiko da ikuskizuna, lehen entrenamenduarekin. Haren segidan probako bi mangak etorriko dira.

Joseba Iraola, faborito nagusia
Urbasako Igoerak erakartzen du. Ez da berria. "100 autoren muga edo aforoa dugu, eta tokia berehala bete zen. Gutxienez hogei auto geratu dira parte hartu ezinik" azaldu du Sakana Motorsporteko Raul Lopez "Patxu"-k. "Faborito nagusia joan zen urteko irabazle Joseba Iraola izango da, zalantzarik gabe" gaineratu du Patxuk. Daniel Jimenezek eta Arkaitz Ordokik bere barketak prest izanen dituzte Iraolari aurre egiteko, eta lehia estua espero da, joan zen urtean bezala, hirukoteak lehen hiru postuak lortu baitzituen. Iraolak Urbasako Igoerako gaur eguneko ibilbideko errekorra apurtu zuen (3:01.528).

Trtean pilotu sakandarrak ere egonen dira, Iker Palacios, Mikel Mendinueta, Iker Azkargorta, Ander Gurmindo, Delfin Goikoetxea eta Iban Lopez de Goikoetxea, esaterako. Beste zenbaitek ezin izan dute Urbasako Igoerarako autoa prest izan.

Larunbatean milaka zale espero dira Urbasan. Antolakuntzatik Urbasa-Andia parke naturala dela gogorarazi nahi diete, zaborrarik ez botatzeko eta komisarioek eskatutako neurriak bete ditzatela. Eta, jakina, disfrutatu dezatela.

5,93 km eta 39 bihurgune
Ibilbideak 5,93 km eta 285 metroko desnibela du, eta Olaztitik Urbasako portua igo arte jokatuko da. Lehen zatia oso azkarra da, eta bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da, bihurgunez jositakoa. Guztira 39 bihurgune dira.