Erkuden Gabari

"Orain gaude larri; laguntzak oraintxe behar genituzke"

Guaixe 2022ko urr. 17a, 14:01

Gorri behorra eta Erkuden Gabari Satrustegi. UTZITAKOA

Erkuden Gabari Satrustegi olaztiarrak zaldi eta behi azienda du. Altsasuko ferietako zaldi lehiaketan Auritz arrazako bost buru aurkeztu zituen atzo.  

Abeltzainak lehortearen eta prezioen garestitzearen ondorioei aurre egiteko neurri bat hartu du dagoeneko, ez daki betiko izanen den.

Behi eta zaldi aziendak zer moduz pasa dute uda? 
Zaila izan da. Gogorra. Halako beroa ez da ona. Jan eta, batez ere, ur falta izan dira. 

Mendira eraman zenituzten? 
Mendia gertu dugunez, ez ditugu kolpean denak igotzen. Maiatz akaberarako azienda guztia goian dugu. Eta irailera arte izaten dugu azienda goian. Batzuetan, lastaila erdialderaino. Aurten sekula egin gabekoa, agorrilaren erdialdean jaitsi dugu. Gainera, korrika eta presaka. Egoerak hala eskatzen zuelako, zenbait aska eta iturburu lehortu zirelako eta pottoak dituzten behor batzuk sufritzen hasi zirela ikusi genuelako. Laguntza pixka bat gehiago behar zuten. 

Alde gehiago?
Beste urte batzuetan mendira igo eta lasaiago zaude. Egun batean zaldiengana zoaz, hurrengoan behiengana. Aurten arreta handiagoa izan dugu, arriskua handiagoa zelako. Mendian izan diren bitartean uneoro kontrolatzen egon behar izan dugu. Pentsua edo dena delakoa eraman diegu, guztiak elkarrekin mantentzeko, behar baino lehen jaitsi behar genituela ikusten genuelako. Bestela, mugitu eta gero opatzeko kontuak. Etxean ura eman behar izan diegu. Baita bazka ere. Dagoeneko negukoa jaten ari dira. 

Neguko bazkak biltzeko aukera izan zenuten? 
Bizpahiru urte dira artorik jarri ez dugula. Basurdeak silora gerturatu eta haiek zabaldutako gaixotasunekin arazoak izan genituen: saneamendu kanpaina batean behiren batek positibo eman zuen. Aurten ez dugu artorik erein, salbatu gara. Ezin dela ikusi ahala, kostuak merkatzen joan behar duzu. Urte asko daramagu eta, egoera okerrera doa. Horregatik murrizketak eta beste egitea erabaki dugu. 

Baina belarraren lehen mozketa kasik behorrek jan zuten umatzean. Une horretan begi bistan izatea gustatzen zaigu, okulutik gertu, putreekin ere arazoak izaten baititugu. Mendira igotzean bigarren belar mozketa egiteko aukera izaten dugu. Aurtengo hori oso eskasa izan zen, maiatzaren ondoren apenas atera zen. Jaso duguna oso justua da. Silo zerbait egin genuen, larreen lehen mozketatik sobratu zenarekin. Baina lehorraren laurdena dugu, ezer ez. Orain zain egotera, eta pittaka ahal dena murrizten. Eta erosi beharra badugu? Ez dago erosteko. Dagoen pixka ikaragarri garesti egonen da. 

Berdin bi aziendekin? 
Saiatzen gara batzuek eta besteek ezer ez faltan izatea. Zaldi azienda negurako basora eramanen dugu. Behorrak ditugun sakandar askok Zaragozako Longas herrian baso oso handia hartua dugu, behorrak hara eramaten ditugu han negua pasa dezaten. Hemen zailagoa da. Hura lehorragoa da, eta hobe jasaten dute negua. Hura ere ez da beste urteetakoa izanen, negu hau justuago pasako dute behorrek. 

Mendian ura eskas, ibarrean bermatuago? 
Sareko ura eman diegu. Zisternak sekula ez bezala bete ditugu. Egunero, askoz gehiago edaten zutelako. Eta ur faltarik ez izateko adi ibili behar genuen. 

Orain euria gozo eginen balu, zerbait konponduko litzateke? 
Berandu iritsiko litzateke. Gutxienez, zisternak ez jartzeko. 

Umatuko dira? 
Behorrak ibarreko larretan umatu ondoren igo genituen. Haiekin batera, lehenik kozkorren diren pottoak igotzen ditugu, eta gazteagoak direnak bigarren txandan. Ongi joanen den ziurtasuna izateko. Behiak ernai daudela ikustean igotzen ditugu. Baina urik edaten ez badute, gaizki. 

Gasolioa eta argindarra ere garestitu dira. 
Traktoreez eta behar duzun makineriaz aparte, mendira igotzea eta jaistea, edo basora joatera, edo hemen ibiltzea… Ematen dituzun bueltekin gasolio gastu garrantzitsua da. Gainontzeko guztiari batzen zaiona. 

Haragiaren zuzeneko salmenta egiten duzu, ezta? 
Haragiaren zuzeneko salmentaren gaia zaila da. Baina bitartekariak daude: hiltegira eraman behar duzu, haragia prestatu behar dizute (xerrak moztu, hutsean bilgarriratu…), gero banatu beharra dago. Ahalegina eta ardura eskatzen ditu. Horrela saldutako haragiari ezin diozu etekin guztia atera. Hala ere, guretako horrela saltzea hobea da harakin bati edo besteren bati saltzea baino. Egoera normalean zuzeneko salmentak aurrera egiten laguntzen du. Gauza zaila dago. 

Pixka bat saltzen dugu familia lagun eta aldamenekoen artean. Haragitarako txekorrak loditzen ditugu. Baina horretan ezin dugu segitu. Iritsi da momentu bat ikusi duguna horrela ezin dugula segitu. Ditugun txekor txikiak titia kentzean salduko ditugu. Bestela, animalia loditzeko beharrezkoa den dirua guk geuk aurreratu beharko genuke. Normalean, urtebeterekin saltzen ditugu. Ezin dugu pentsua ekartzen segi, tobera betetzeagatik joan den urtekoaren bikoitza ordaintzen ari naiz. Irabazia kentzen dit horrek. Eta kanalaren eta haragiaren prezioak ez dira igotzen. 

Eta orduan, zer?
Astelehenean erabaki nuen jakinaraziko niela: hauek azken txekorrak dira. Txikitan saldu beharko ditugu. Ezin dugulako gure gain hartu gauzengatik bikoitza ordaintzea. Ematen ez badu, ez du ematen. Nahiz eta pixka bat igo, ez dugu irabazi margenik. Penagarria eta tristea da. Horrela etorri da eta doikuntzak egin behar dituzu, egokitu. Oreka bilatu beharra dago. Momentuz horrela jarraitu, dagoenarekin aurrera egiten ahalegindu. Ea aurtengoa pasatzen dugun eta datorrenaren zain geldituko gara. Oso txarra. 

Eta ernai dauden behiekin, zer? 
Neguan umatuko dira. Ongi joatea espero dugu. Egoeraren arabera erabakiko dugu zer egin. 

Dirulaguntzak? 
Emanen dituztela esaten ari dira. Hitz egiten ari dira. Udaberrian onartu eta heldu den urtean kobratuko dugu. Laguntzak eskasak izateaz aparte pixka bat berandu kobratzen ditugu. Egoera larrian orain baikaude. Bazka eta bestelakoen eskasia izanen dugu urte akaberan, eta erosteko oso garesti ordaindu behar duzu. Eta dirulaguntza heldu den urtean kobratu behar baduzu, dirua aurreratzen urte bat egon behar duzu. Momentu bat irits daiteke dirurik ez duzuna. 

Ukrainiako gerra dela eta lehengaien kostuen igoeragatik emandako laguntza orain kobratu dugu. Tobera pentsuz betetzea joan den urtean baino 1.700 euro gehiago kostatzen zait. Urtean bostetan beteko dut. Aurten 1.200 euroko dirulaguntza eman didate. Ongi etorria, jakina. Baina ez du arazoa konpontzen. Horrekin ez dut tobera erdia ere betetzen. Abeltzainak laguntzeko formula eta modu gehiago badaude, dirulaguntzen zain urte bat izatea baino. Gizarte segurantza, beste nonbaitetik etor daitezkeen laguntzak… Ez dakit orain hitz egiten ari diren kopurua zenbatekoa izanen den. 

Guztia uzteko pentsamendurik izan duzu? 
Hamazazpi urtetako ahalegina, dedikazioa eta aurrera egiteko nahia da. Baina egoera gogoa kentzen joaten da. 2005ean haragitarako behiekin hasi ginen. Zaldi azienda ere gustuko genuenez, behorrak jarri genituen gerora, pittaka. Arraza hobetzen joan gara. Orain behiak baino behor gehiago ditugu. Orain zaldi aziendarena pixka bat hobe dago, gainera, ez da hain lotua. Beharbada hortik joko dugu. Momentuz, datorrenaren zain gaude. Gero gerokoak. 

Altsasuko feriara joaten denak, azienda ikustean, zer hausnarketa egin beharko luke? 
Animaliak han badaude haiekiko pasioa eta zaletasuna dugulako da. Gustuko ditugu. Baina gauzak horrela segituz gero… Hau, orokorrean, gero eta sostengaezinagoa da. Errentagarritasunagatik? Oraintxe bertan, ez. Pena da, honen guztiaren ondorioak abeltzainen eta kontsumitzaileen bizkar baitaude. Azken horiei ere prezioak igotzen baitizkiete. Bitartekariak eta azalera handiak dira onik ateratzen direnak. Ez dakit lehen baino gehiago edo gutxiago irabaziko duten.