Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuak eta Olatzagutiko Udaleko Kultura zerbitzuak eta ludotekak elkartasun bilketa antolatu dute lehenik eta elkartasun azoka ondoren. Egoera onean dauden objektuak azaroaren 24an eta abenduaren 1ean eta 15ean, ostegunak, 09:00etatik 12:00etara, jasoko dituzte Olaztiko kultur etxean, eta azoka abenduaren 18an izanen da, frontoian. Horiei testuingurua eman nahian zerbitzuko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek hilabete bateko bueltan dauden ″hiru data esanguratsu″ nabarmendu ditu: azaroaren 20a, igandea, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna; abenduaren 10a, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, eta abenduaren 18a, Migrazioen Nazioarteko Eguna, ″eskubide bat da″.
Aitortutako eskubide horiek guztiak kontuan izanik, abenduaren 18rako bigarren eskuko azoka antolatu dute, udal pilotalekuan. Han salgai jartzeko ″ongi dagoen edozer gauza eraman daiteke″, azaldu du Zestauk. Esate baterako, arropa, oinetakoak, jostailuak, liburuak, kirol materiala, galtzerdiak eta beste jaso nahi dituzte.
Ekimenak helburu bat baino gehiago dituela gaztigatu du teknikariak: ″bota beharrean, gauzei bigarren bizia ematea, berrerabiltzea. Salgai jarriko diren objektuak prezio sinbolikoa izanen dute, helburua baita objektuak berriz erabiltzea. Elkarri Laguntza elkarteari emanen zaio ateratzen den dirua, eta saldu gabe gelditzen den guztia ere″. Antolatzaileek olaztiarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte.
Oka jokoa
Zerbitzuak oka jokoa moldatu zuen. ″Hasiera batean lona baten gainean egin genuen, handian, Sakana guztian barna erabiltzeko moduan. Orain joko beraren mahai formatua sortu dugu″, azaldu du teknikariak. ″Okaren jokoa zerbitzuak sustatzen dituen balioei egokituta dago″. Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak jokoaren ale bat Akelarre ludotekari oparitu dio. Zestauk azaldu duenez, ″jokoan hainbat gauza lantzen dira: haurren eskubideak, aniztasuna zentzu guztietan (kultura, kolore, hizkuntza…)″. Jokoan diskriminazioak badu bere ondorioa: lauki batzuk atzera egitea. Bestalde, zurrumurruen kontrako sarearen, Sakana Harrera Haranaren, Ijito herriaren egunaren (apirilak 8) eta besteren berri ere ematen du jokoak.