Hogeita bederatzi lanpostu betetzeko deialdia

Guaixe 2022ko abe. 20a, 11:12
Olatzagutiko udaletxea. ARTXIBOA

Udalerako hamasei langile, Erburua-Olazti enpresa publikorako zortzi eta musika eskolarako bost. Lanpostuetan interesa dutenek eskabidea udalari hilaren 27a baino lehen aurkeztu beharko diote. 

Olatzagutiko Udalak abenduaren 28ko 20/2021 Legeari jarraituz, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, merezimendu-lehiaketaren bidez hamasei lanpostu betetzeko deialdia egin du. Alde batetik, hutsik dagoen administrari laguntzaile lanpostua bete nahi du. Lan kontratuduna izanen da, lanaldi erdian lan eginen du eta euskarazko C1 maila izan behar du. Bestetik, pintura irakaslea hautatuko du. Langilea aldizkako lan kontratuduna izanen da eta %10eko lanaldian ariko da. Euskarazko B2 maila eskatzen zaio. Horiekin batera, gaztetxokorako bi begirale aukeratzeko deialdia egin du. C mailako langileak izanen dira, %14,5eko lanaldian ariko dira eta euskarazko C1 maila izan beharko dute. Gainontzeko hamabi lanpostuak Udan Euskaraz kanpainako begiraleak dira. Horiek ere C mailakoak, aldizkako lan kontratudun izaera izanen dute eta %5,025eko lanaldia. Euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna dute postuek. 

Udala azpiegiturak kudeatzen dituen Erburua Olazti SM enpresa publikoak zortzi lanpostu betetzeko deialdia egin du. Batetik, bi etxezain-garbitzaile lanpostu, D mailakoak eta lan kontratudunak, lanaldi osoan ariko direnak. Baldintza berak izanen dituen beste etxezain-garbitzailea, baina, lanaldi partziala duena. Gainontzeko bost lanpostuak betetzen dituzten langileak aldizkako lan kontratudunak izanen dira, D mailakoak. Bi etxezain-garbitzaile izanen dira, lanaldi osoan ariko direnak. Beste etxezain-garbitzaile batek lanaldi partziala izanen du. Eta, azkenik, bi sorosle lanpostuen lanaldia ere partziala izanen da. Zortzi lanpostuek euskarazko B2 maila eskakizuna dute. 

Azkenik, udal musika eskolan aritzeko bost musika irakasle hautatzeko deialdia ere egin du udalak. Honako espezialitateko irakasleak dira behar dituenak Olatzagutiko Udalak: akordeoia, bateria, gitarra, pianoa eta saxofoia. Bost lanpostuak B mailakoak dira. Langileak lan kontratudunak izanen dira, lanaldi partziala izanen dute eta euskarazko C1 maila eskatzen zaie. 

Olatzagutiko Udalaren deialdi horietan interesa dutenek beraien eskabidea udalari hilaren 27a baino lehen aurkeztu beharko diote.