Olatzagutia belenzaleen topaleku bihurtuko da

Guaixe 2022ko abe. 16a, 14:47

Jaiotza erakusketa. MIREN ARREGI OLIVENZA

Asturias, Burgos eta Hego Euskal Herriko 180 belenzale etorriko dira larunbatean, guztiak ere hainbat elkarteetako kideak. Sakanako belenzaleen egoitzan, aldameneko lokalean eta elizan dauden jaiotzak ikusiko dituzte. Bisita bitartean jaiotzetan adituak direnak elkarren artean teknikei buruz hizketatuko dira.

Sakanako belenzaleen elkarteak aurten 22 urte bete ditu. COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak ez zion elkarteari 20. urteurrena behar bezala ospatzen utzi, eta bi urteko atzerapenarekin bada ere, bi hamarkadako ibilbidea ospatuko dute larunbatean. Oviedo, Gijon, Miranda de Ebro, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Atarrabia, Arre eta Tuterako 180 belenzalek larunbatean bat eginen dute. Estatuko iparraldeko elkarteen topaketa izanen da larunbatekoa. Sakanako elkarteko kide Felipe Orabengoak azaldu duenez, ″Iruñean hasi ziren topaketak egiten. Ondoren lekukoa Donostiak eta Bilbok hartu zuten. Gero eta elkarte gehiago batzen joan ziren, hirietakoez aparte herrietakoak ere″. Orabengoak gaineratu duenez, ″gu duela 16 edo 17 urte joaten gara urteroko topaketa horretara″. 

Sakanako anfitrioiek 10:30 eta 11:00ak bitartean eginen diete harrera Kamiogaina jubilatu elkartean. Guztiak elkartu ondoren elkartean bertan auzatea izanen dute. Ondoren, Sakanako belenzaleen elkarteak ikusgai jarri dituen jaiotzak aztertzera joanen dira. Egiteko horren ondoren eta  topaketa despeditzeko jatetxe batean bazkalduko dute. 

Erakusketa
Elkarteak urtero bere egoitzan jaiotza erakusketa prestatzen du. Urteurren ospakizuna dela eta 22 urteko ibilbidean egindako 19 jaiotza daude ikusgai erakusketan. Haien bidez elkartekideen trebeziak izan duen bilakaera ikusteko aukera dago. Erakusketa domekan zabaldu zen eta ilbeltzaren 8ra arte ikusgai izanen da. Hura ikusteko ordutegia honakoa da: astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara eta domeka eta jai egunetan 13:30etik 14:30era eta 17:30etik 20:00etara.  

Orabengoak jakinarazi duenez, ″pixkanaka jendea hasi da erakusketara hurbiltzen″. Sakandarren jaiotzak egiteko trebezia Olatzagutiaz aparte, Donostian ikus daiteke, hango erakusketa baterako arketa bat, jaiotza txiki bat, utzi baitu elkarteak. Orabengoak azaldu duenez, Sakanako belenzaleen elkarteak gaur egun 35 eta 40 kide artean ditu. Bakarren batek bazkide egin nahi badu erakusketatik pasa daiteke.